Dirulaguntzak bi ataletan banatzen dira. Lehenengoak hurrengo talde hauek euskara menperatzen laguntzeko dira: merkatariak (dendetakoek eta ostalaritzakoek ez ezik, aurten akademietako eta haurtzaindegietako langileen ordezkoek ere eskatu ahal izango dute), elkarteetako begiraleak, Udaleko eta erakunde autonomoetako langileak eta familiaren ingurukoak (pediatrak, ginekologoak eta, hemendik aurrera, dentistak eta zerbitzu psikopedagogikoak eskaintzen dituztenak). Bigarrenek, dirulaguntzen eta Udalak eskaintzen dituen zerbitzu batzuen bitartez, euskara sustatzea dute helburu. Hala nola, aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskarazko ikastaroetarako dirulaguntzak, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatzen dituen ikastaroetarako joatekoak eta beste hainbat zerbitzu: errotuloak euskaraz ipintzekoa, Getxo udalerriko elkarteen irudia euskaraz jartzekoa, itzulpen zerbitzua eta aurkezle euskaldunen zerbitzua.
2005ean ere 110.000 euro zuzendu zituen Udalak eta horietatik 76.552 euro banatu ziren. Aurten kopuru hori areagotzea espero dute tokiko arduradunek. “Merkataritza arloan eskaintzen ditugun zerbitzuen datuak, sektorea dinamizatzeko kontratatutako enpresa barne, aurten diru gehiago gastatuko dela pentsarazten digute”, zehaztu du Landak.