Getxoko eta Leioako udalak, Metro Bilbao, Euskotren eta EHU hizkuntza-eskubideen urratzaileen artean kokatu ditu Behatokiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 7a, 07:33

Euskararen Behatokiak "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian, 2005ean" txostena aurkeztu berri du. Behatokiak txosten horretan bildu ditu herritarrek euskararen telefonoan helarazitako 800dik gorako kexak eta txalotzeak eta abiapuntu horretatik egindako azterketak. Aurtengoa bosgarren urteko txostena izan da, eta Uribe Kostari dagokionez 5 erakundek egindako hizkuntz eskubideen urraketak jasotzen dira: Euskal Herriko Unibertsitatea, Metro Bilbao, Euskotren eta Leioa eta Getxoko udalak. Xabier Mendiguren Kontseiluko lehendakariak azpimarratu du euskaldunek pairatzen duten bazterketa iraunkorra dela: "larria da benetan oraindik hizkuntza-eskubideen urraketak behin eta berriro pairatu behar izatea". Argazkian, Mendiguren eta Paul Bilbao iaz 2004ko txostena aurkezten.

Bosgarren urte honetako ondorioak ikusita Kontseiluko lehendakariak azpimarratu du euskara erabili nahi izatea "garesti" ateratzen den bitartean "merkea" dela hizkuntza-eskubideak urratzea: "euskaldunak saiatzen dira euskara leku guztietan erabiltzen baina hizkuntza-eskubideak ez zaizkie bermatzen" aditzera eman du Mendigurenek. Euskararen telefonoan jasotzen diren kexen kopurua eta edukia dira egoera horren testigu, Behatokiaren arabera. "Euskararen telefonoaren zerbitzuaren bidez, Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen egoeraren diagnosia egiteko informazioa jasotzen dugu", gogoratu du lehendakariak.

Uribe Kosta

Uribe Kostan bost izan dira kexak jaso dituzten erakundeak eta bederatzi euskararen telefonoan jarritako kexak. Honako hauek dira, hitzez-hitz txostenean agertzen direnak:

Zenbakia:75/2005
Erakundea: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA. EHU Gipuzkoa.
Arrazoia: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak gaztelania hutsean bidali du erakunde batera "La tierra de los pilares" izeneko liburuari buruzko promozio orria.

Zenbakia: 257/2005
Erakundea: LEIOAKO UDALA. Bizkaia.
Arrazoia: Martxoaren 22an Leioako Udal Kiroldegira joan zen herritarra eta leihatilan ezin izan zioten zerbitzua euskaraz eman.

Zenbakia: 511/2005
Erakundea: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA. EHU. Gipuzkoa.
Arrazoia: EHUn Ikusentzunezko Komunikazioa euskaraz ikasten ari den ikasle batek gaztelania hutsean jaso du kreditu eta ikasgaien informazioa ematen duen gutuna.

Zenbakia: 541/2005
Erakundea: EUSKO JAURLARITZA. EUSKOTREN. Bizkaia.
Arrazoia: Euskotrenen Santurtzi - Leioako Unibertsitatea lineako autobusaren errotuluan herriaren izena gaztelania hutsean ageri da, Santurce alegia.

Zenbakia: 599/2005
Erakundea: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA. EHU. Bizkaia.
Arrazoia: Irakaskuntzarako Gaitasun Ziurtagiria lortzeko ikastaroan matrikula egiterako orduan, Teknologiaren adarrari dagokion irakasgairako aukeraketan Bizkaian ez dago euskarazko talderik, aukera bakarra gaztelaniaz egitea da.

Zenbakia: 633/2005
Erakundea: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA. EHU. Bizkaia.
Arrazoia: Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hainbat herritarri bidalitako gutunak gaztelania hutsean idatzita daude.

Zenbakia: 634/2005
Erakundea: EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA. EHU Bizkaia.
Arrazoia: Herritarrak EHUko doktorego programa batean eman zuen izena. Iraila aldean Soziologia fakultatetik deitu zioten dokumentu batzuk igorri behar zituela esateko. Hiru aldiz deitu zuen eta beti ere gaztelaniaz eman zizkioten mezuak.

Zenbakia: 737/2005
Erakundea: METRO BILBAO. Bizkaia.
Arrazoia: Azaroaren 23an, goizeko 8:15 inguruan, metroan mezu bat eman zuten bozgorailuz, kanpoko txartela gaizki jarrita zegoela eta Plentziara joan ordez Sestaora zihoala jakinarazteko bidaiariei. Mezua gaztelaniaz bakarrik eman zuten.

Zenbakia: 748/2005
Erakundea: GETXOKO UDALA. Bizkaia.
Arrazoia: Getxoko Udaleko kirol sailetik inkesta bat bidali dute Getxoko ikastola batera. Hitz bat bera ere ez dago euskaraz.

Xabier Mendigurenek Behatokiaren zeregina gogoratu du: "Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak orain dela bost urte bideratu zuen fundazioa da". Behatokia herritarren hizkuntza-eskubideez arduratzen da, arlo publikoan zein pribatuan, eta horiek bermatzera zuzentzen du bere jarduera.

Guztira, 2005 urtean 811 espediente kudeatu dira: 729 kexa, 38 zoriontze, 20 zehaztugabe, 16 kontsulta eta 8 prebentzio ekintza. Erabiltzaileei dagokienez, bizkaitarrak izan dira Behatokira jo duten herritarren %23; gipuzkoarrak, gehiengoa: %37; nafarrak, %26; eta arabarrak, %14. Hala ere, Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak gogoratu du diagnosia ez dela ikuspegi kuantitatiboaren arabera egiten eta Ipar Euskal Herriko datuak ere hainbat kontsulten bidez jaso direla.

Gaiaren inguruko berriak:

Behatokiak iazko txostena aurkeztu du eta hizkuntza eskubideak urratzea merke ateratzen dela nabarmendu (Berria.info)

Paul Bilbao, Behatokiko zuzendaria: "hizkuntza bat erabili nahi duen herritarra bereizten ari dira" (Berria.info)

Euskara erabili nahi izatearen salneurria (Berria.info)

Hizkuntz eskubideak urratzea, merke (Berria.info)

Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian, 2005ean (.pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun