Azaroan bildu zen lehenengo aldiz Erromo eta Pinuetako Jai Batzordea Getxoko Udalarekin egitasmoa aurkezteko. "Koadrilak jaietan subjektu aktiboa izan daitezen eta horien parte-hartzea bultzatu eta gero egingo duten lana saritzeko" jaia zela azaldu zioten Guzman Aranaga Kultura zinegotziari. Agirrek adierazi duenez, "Udalak begi onez ikusi zuen orduan egitasmoa, baina aurrekontuak mugatuak zirela kontutan hartu eta egitaraua murrizteko eskatu ziguten". Otsailean ere bildu ziren behar teknikoak aztertzeko eta dagoeneko aurrekontua murriztuta zeukan jai batzordeak azaroko 8.000 eurotik 3.000 eurora. Egun horretan beraiekin bildu zen Imanol Landak "dena oso ondo" zegoela esan zien, Agirrek kontatutakoaren arabera.
Euria egingo balu...
Martxoaren 29an, goizeko 8:30ean –ospakizunetik hamar egunetara–, aldiz, "Kantuketan zikloa zegoenez, librean beste ekitaldi bat egotea ezin" zutela onartu jakinarazi zien Landak. Agirreren hitzetan, "ez dutela dirurik jarriko, ez oholtzarik muntatuko, ez argindarrik eta urik emango, ez bidea moztuko, ezta zaintza lanetarako udaltzainak bidaliko ere. Gainera, Ibaiondon beharrean, Areetako Xake plazan egin behar genuela tematu ziren". Azken horri "ezezko biribila" eman zion jai batzordeak, "Itzubaltzeta / Erromoko kontua delako eta herrian bertan egingo delako". Erromo eta Pinuetako Jai Batzordeko kideak salatu duenez, "honako hauek izan ziren hartu zituzten konpromiso bakarrak: bazkarirako baimena ematea, Ibaiondon izan arren; eta komun kimiko bat jarriko zutela". Udal arduradunen, "eskuzabaltasuna" ikusita, euria izatekotan ikastetxeko frontoia erabiltzeko aukera izango zuten galdetu zioten Landari. "Pilota kontuak egon daitezkeela erantzun zigun, zeozer egongo zen ez zekiela ere. Eta euria izatekotan bertan behera uzteko esan zigun, Getxoko Kultur Etxeari horrelakorik askotan gertatu baitzaio", Agirrek adierazi duenez. Orduan, ikastetxeko gimnasioa eskatu zuen jai batzordeak eta hori ere ukatu egin zioten.
Erromeria klandestina, taloa ilegal
Gora behera guzti hauekin, "zurrunbilo ederra" sortu da Itzubaltzeta / Erromon, Agirrek aitortu duenez. "Jai batzordekook ez ezik, herriko jende asko dago haserre Udalaren jarrerarekin. Kontua da, konpetentziarik ez dutela nahi Algortako Portu Zaharreko kontzertuarekin lotuta", bota du. Bestalde, betiko lez Itzubaltzeta baztertzen dutela uste dute askok. "Horren adibide Inauteriak: Algortan 35.000 euro eta Erromon 1.000 euro. Horrekin ez dut esan nahi besteei kendu behar zaienik", kritikatu du jai batzordeko kideak. Orain hamar bat egun izandako batzarrean ere altzatu eta joan egin ziren hainbat lagun, eta aste hasieran helarazi dieten "proposamenak" ez du "giroa baretu".
Azkenean, Getxoko Udalak ura, elektrizitatea eta komun bat baino ez dizkiete emango Koadrila Eguna ospatzeko. Gainera, erromeria eta taloetarako ez dute baimenik eman. Hala ere, egitarauarekin aurrera jarraituko dutela argitu dute jai batzordekoek. Debekua dela eta, Ibaiondon beharrean, Itzubaltzeta gaztetxean izango da erromeria, gaztetxeak bere oholtza eskaini baitio jai batzordeari. Taloei debekua, berriz, hainbat eragilek aztertzen ari dira, "herri honetan tradizioa dena EAJk salmenta ibiltari gisa tratatzea guztiz iraingarria suertatzen delako" eta, jai batzordeak antolatu ez arren, baliteke talo jana egin ahal izatea egun horretan. "Guzti hau uler genezake Algortako zinegotzi baten aldetik, baina Areetako baten aldetik izatea ez genuen espero", adierazi du Landari buruz Agirrek.
Egitaraua:
12:00 Txupinazo eta ikurrinaren igoera.
12:30 Txistulariak, herrian zehar.
12:30 Haurrentzako puzgarriak, Ibaiondon.
13:00 Haurrentzako jokoak, Ibaiondon.
13:30 Bertso-triki-poteo, herrian zehar.
15:00 Bazkari herrikoia, 200 pertsonentzako, Ibaiondon.
17:30 Koadrilen argazkia, Ibaiondon.
18:00 Pregoia eta koadrilentzako jokoak, herrian zehar.
20:30 Kalejira, herrian zehar.
21:00 Karaokea Itzubaltzeta gaztetxean.
22:00 Erromeria Itzubaltzeta gaztetxean.