Berrikuntza lanen ostean, dagoeneko zabalik dago Galeako pasealekua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 7a, 19:42

Getxoko Udalak 2.200.000 euro gastatu ditu Galeako pasealekua "herritarrentzat berreskuratzeko". Iñaki Zarraoa alkateak goizean adierazi duenez, gaur egun, ibiltokiak bide gorria eta bi kilometroko luzera duen ibilbidea dauzka, azken hori Azkorritik Sopelaraino doan beste pasealeku batekin lotzen dena. Lanen azken fasean, ia 1.000 metro berritu dira, 4,80 metroko zabalera dituztenak. Pasealekuaren eta bide gorriaren ondoan ibilgailuentzako bidea dago, azkeneko galtzada zatian norabide bikoitza izatetik norabide bakarreko zatia izatera pasa dena. Era berean, aitzineko aparkalekua zegoen lekuan 1.600 metro koadroko tokia egin da "bertan lasai egon ahal izateko" eta, bestetik, 480 metro koadroko behatoki bi jarri dira. Udal agintariak nabarmendutakoaren arabera, "Bizkaiko pasealekurik erabiliena da Galeakoa eta, lan horiei guztiei esker, orain erabiliagoa izango da".

Bestalde, Galeako gotorlekuaren ondoan, 146 ibilgailuentzako eta 4 autobusentzako aparkalekua egin dute eta itsasargiaren aurrean zegoena desagertu egin da. Orain 13.000 metro koadroko gune berdea dago eta bertan 360 zuhaitz landatu dira (platanoak). Hiri-altzariei dagokienez, 61 argi (bat edo bi argi dituzten 3,5 metrotako zutabeak), 93 jesarleku, 20 paperontzi eta 535 metro baranda jarri dituzte. Zarraoak esan duenez, lan horiek "udal taldeak herriaren alde lan egiteko duen asmoa betetzen dute, oinezkoentzako pasealekuak, aisialdirako, kirola egiteko, osasuntsu bizitzeko eta Getxo udalerriko eta inguruko edertasunaz gozatzeko guneak eskaini nahi baititugu”.

Gaiaren inguruko berriak:

Atzerapenak atzerapen, Galeako pasealekuko lanak urtarrilean amaituko dituztela diote (2005 Abe 29)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun