Igandean ospatuko dute Kanpomartxo Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 7a, 19:57

Aurtengo Kanpomartxo jaia igande honetan, apirilak 9, ospatuko da San Kristobalen, Goierrin. Hainbat hamarkadatan galduta egon zen eta orain dela 16 urte berreskuratu zuen baserri giroko euskal jaia Berbots Erandion Euskaraz elkarteak. Ordutik hona, udalerriko auzo ezberdinak txandakatuz egin da urtetik urtera. Eguerditik aurrera, dantzak, bertsolariak, antzerkia, jolasak... edukiko dituzte egunean zehar bertara batzen direnek. Trabudu, Goi Alde eta Uztargi dantza taldeak, Goierriko jai batzordea, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) eta Altzaga ikastolako bertsolari gazteak dira laguntzaileak.

Antzinean, Erandioko auzo ezberdinetako baserritarrak batzen ziren, apirilaren hasieran aukeratutako egun eta tokian, musika doinuz eta dantzaz beteriko jai egunaz gozatzeko. Finean, erandioztar guztien arteko harremanak sendotzeko balio zuen ospakizunak. Kanpomartxon parte hartzen zutenak lotzen zituena euskara zenez, Erandioko euskaldunen eta euskaltzaleen jaia bihurtu da Berbotsi esker.

Egitaraua:

11:30ean. Dantzak.
13:00etan. Bertsolariak.
14:30ean. Herri bazkaria.
17:00etan. Betiko kantuak, Kepa eta Robertoren eskutik. Eta umeentzako antzerkia.
18:00etan. Erromeria, “Patxi bat, bi eta hiru” taldearen eskutik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun