"Robin eta Hood" antzeztuko du bihar Algortan Gorakadak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 7a, 20:12
Gorakada antzerki taldeak ikuskizun berria aurkeztuko du larunbat honetan, apirilak 8, Algortako Getxo Antzokian: "Robin eta Hood", Sherwoodeko heroiaren inguruan egindako sormen berriko antzezlana, Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez. Aurreko muntaiaren arrakastaren ondoren, oraingo honetan aktore jokoa eta txotxongiloak erabiltzeko teknika ezberdinak konbinatzen dituen proposamen berri batekin dator Gorakada. "Jim, altxor uhartean" antzezlanarekin kritika eta ikusleen txaloa jasotzeaz gain, lau sari garrantzitsu irabazi ditu konpainiak: zuzendari onenari eta eszenografiarik onenari Xixongo FETEN antzerki azokan eta eszenaratze onenari Albaidako Txotxongileen Jaialdian eta 2004-2005 denboraldiko antzezlan hobenari Imagina Saria, Nerjan (Malaga). Bihar, berriz, "Robin eta Hood" taularatuko dute 17:30ean, gaztelaniaz, eta 19:30ean, euskaraz. Sarrerak 3,50 eurotan daude.
"Robin eta Hood" familia osoari zuzendutako ikuskizuna da, 5 urtetik 105 urte bitartekoentzat, alegia, Gorakada antzerki taldekoek aipatzen dutenez. Istorioan Robin da protagonista, XII. mendeko nekazari gaztea. Aitak irakurtzen eta idazten erakutsi zion eta horri esker Robin Hood izeneko heroi baten abenturak idazten hasi da. Idatzi horiek herriari helarazten dizkio. Juan Lurgabea errege ankerrak izan du idatzien berri eta sutan jarri da. Gogotsu hasiko da idazlearen bila hura zigortu nahi duelako. Robin Sherwoodeko basoan ezkutatu da eta han bizitako gorabeherak bere istorioetan islatuko ditu... Robin Hood herriaren heroi bihurtuko da, honenbestez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun