Hizkuntza Eskubideen Egunaren ondoren, eguneroko lanari indar handiagoz heltzeko deia egin du EHEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 8a, 19:28

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 2an egindako III. Hizkuntza Eskubideen Egunaz balorazio positiboa egin du. Santurtzi hizkuntza eskubideen hiriburu bihurtu zuten bertan bildu ziren ehunka euskaltzaleek. Lerro hauen bitartez, egunari begira lan egin duten guztiei eta baita egunean bertan giro aparta sortu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkie EHEk. Urte osoan zehar izango da, dudarik gabe, topo egiteko betarik, eguneroko lanean; baina badugu beste zita bat IV. Hizkuntza Eskubideen Egunean. Bien bitartean egunero hizkuntza eskubideen alde borrokan jarraitzeko deia luzatu nahi die EHEk herritar guztiei eta baita eragileei ere. Arduradun politikoei, bizi dugun egoerari behar adinako arduraz erantzun diezaioten dei egin nahi die. Izan ere, hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku dago!

Lesakakoaren eta Oiartzungoaren ondoren, aurten Santurtzin ospatu dugu hizkuntza eskubideak eta ofizialtasuna aldarrikatzea ardatz dituen eguna. Aurtengoari, “Hizkuntza eskubideen defentsa guztion esku dago!” leloa jarri genion eta hori izan zen aldarrikatu nahi izan genuena. Hori, eta euskaldun guztioi, bizi garen herrian bizi garelako hizkuntza eskubide berberak dagozkigula.

Goizean egindako Hizkuntza Eskubideen Aldeko III. Nazio Bilkuran, herritarrekin batera euskalgintza, alderdi, sindikatu zein herri mugimendu ezberdinetako ordezkariek hartu zuten parte. Azken urtean hizkuntza eskubideei lotutako aurrera pauso zein atzera pausoak aztertuz, egoeraren inguruko azterketa osatu zen. “Hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dira, bizitzako esparru guztietan. Azken hilabeteetan, errepresioari begira jauzi bat eman da. Hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik, isunak, irainak... jasotzeaz gain, jendea atxilotu eta espetxeratze aginduak ere ematen hasi dira epaitegietan”. Hori izan da bilkuratik ateratako ondorioetako bat. “Bide horretan, herritarrek egoera horiei aurre egiteko hartzen duten jarrera ausarta” nabarmendu da.

Ez da egun isolatua

Eguna, ez dugu modu isolatuan ulertzen, orain arte normalizazioaren alde egindako lanaren eta hemendik aurrera egiten jarraituko denaren arteko inflexio puntua izatea du helburu. Izan ere, egunero egiten den lana da garrantzitsua. Bakoitzak, bere esparruan eta dagokion mailan normalizazio bidean hartzen dituen konpromisoak dira garrantzitsuak.

Aurtengo Hizkuntza Eskubideen Eguna Santurtzin egitea erronka garrantzitsua izan da EHErentzat, izan ere, aurrekoetan herri euskaldunetan egin ziren. Eskualdeko euskaltzaleek erronkari behar zen mailan heldu zioten, lan eskerga eginez. Hizkuntza Eskubideen Egunaren testuinguruak, euskalduntzearen inguruan Ezkerraldean zabalik zegoen borrokari bultzada berria eman zaio. Besteak beste, eskolak euskaldundu ez dituen herritarren arteko harremana egituratzea ekarri du eta.

Hirugarren eguna izan da aurtengoa eta ez da azkena izango. Sendotzen doan eguna da hizkuntza eskubideen alde egiten den egun hau. Eta pixkanaka euskaltzaleentzat erreferentzia, topaleku izan dadin lanean jarraituko du EHEk.

Euskal Herrian Euskaraz
http://ehe.euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun