Sopelako Hondartza I. Golf Txapelketa Irekia antolatu dute maiatzaren 14rako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 10a, 21:08

Maiatzaren 14an Atxabiribil hondartzan jokatuko den "Sopelako Hondartza" izeneko lehenengo golf txapelketa irekia aurkeztu zuten larunbatean udal arduradunek. Ricardo Ibarra Komunikazio zinegotziarekin batera, Gonzalo Elias Bizkaiko Golf Federazioko presidentea, Mark Maconnel Golf Artxandako presidente eta Euskal Herriko Golf Federazioko ordezkaria eta Julio Ibarra Metro Bilbao konpainiako komunikazio zuzendaria ere izan ziren hereneguneko agerraldian. Golfa hondartzan jokatzea "ikusgarritzat" jo zuten antolatzaileek eta ekimen "berritzaile" honek bederatzi zulo izango dituela argitu zuten. Partaideak federatuak egon beharko dute eta 'handicap' zehatz bat eduki beharko dute antolatzaileen gonbidapena jasotzeko. Guztira, 36 partaide lehiatuko direla jakinarazi zuten. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Julio Ibarra, Gonzalo Elias, Ricardo Ibarra eta Mark Maconnel, larunbateko aurkezpenean.

Txapelketa 'open' erara jokatuko da –edonork parte hartu ahal izango du, profesionalek zein zaleek–; zulo bakoitzeko sariak izango dira jokalari onenarentzat, baita garaikurra irabazle orokorrarentzat ere. Gainera, norgehiagoka berezi bat ere egingo da jokalarien artean, kolpe bakar batean pilota atakan sartzea lortzen duenarentzat auto bat irabazteko aukera emanik.

Golfa ezagunagoa egiteko ekimenak

Hondartzan jokatuko den golf openaren osagarri gisa, "herritarrei kirol hau ezagunagoa egiteko" ekimenak antolatu dira asteburu osoan zehar. Horrela, maiatzaren 13an, Udaletxe plazan, golfean jokatzen hasi nahi dutenek irakasleak izango dituzte aholkulari bezala. Bestalde, herriko pilotalekuan 'pitch & putt' deritzon ekintza jarriko da asteburu osoan zehar, interesaturik dauden pertsona ororentzat irekia.

Sopelako Peñon tabernan ospatuko da hilabete honen bukaera aldera txapelketa horren aurkezpen festa, eta gonbidatuta egongo dira golf munduan ospetsuak diren pertsonai, babesle eta hedabideak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun