Asteazkenean jarriko dute abian udaberriko zirkulazio-operazio berezia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 10a, 21:30

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak "Udaberria 2006" zirkulazio-operazio berezia jarriko du martxan, asteazken honetan, apirilak 12, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, Aste Santuko eta maiatzaren 1eko jaiegunak direla eta, auto-istripuak gutxitzeko eta zirkulazioa arintzeko helburuarekin. Irteera-faseari aipatu egunean emango zaio hasiera, 17:00etan, eta hurrengo eguneko (Ostegun Santua) ordu berean amaituko da. Itzulera-fasea, aldiz, apirilaren 17an izango da, 8:00etatik 22:00etara. Langileen Eguneko zubirako, berriz, apirilaren 28ko 15:00etatik maiatzaren 1eko 22:00etara jarriko dute martxan operatiboa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez. Argazkia: Ugariak izaten dira istripuak Aste Santuko oporretan.

Egun horietan guztietan, Trafiko Unitateetako, Ertzain-etxeetako eta helikopteroetan dabiltzan polizia agenteek "zaintza areagotuko dute eta EAEko errepideetan ahalik eta arazo gutxien izaten saiatuko dira", Herrizaingo Sailak zehaztutakoaren arabera. Operazioan, EAEn Trafikoa Kudeatzeko Zentroak ere parte hartuko du. Izan ere, zirkulazioaren egoera kontrolatuko du errepide-sare nagusian zehar jarritako 72 telebista-kameren eta sentsore-sistema baten bidez. Gainera, zentro horrek erabiltzaileei informazioa eta gomendioak emango dizkie, errepide nagusietan jarritako seinale aldagarriak dituzten 28 panelen bidez.

Horretaz gain, 902 112 088 telefono zenbakira deituta zein www.euskadi.net/trafikoa web gunean sartuta, zirkulazioaren informazioa eskura daiteke. SOS Deiak zerbitzuak larrialdietako zerbitzuak koordinatuko ditu. Operazioak bi helburu dituela azaldu dute Herrizaingo Sailetik: "alde batetik, ezbeharren kopurua jaistea eta, bestetik, auto-ilarak ekidinez errepideetan zirkulazioa arintzea". EAEko beste toki batzuetara zein inguruko lurraldeetara doazen euskal herritarrek egingo dituzte lekualdatze gehienak. "Halere, atzerriko ibilgailu asko ere ibiliko dira EAEko errepideetatik, penintsulako eta kontinenteko beste leku batzuetara joateko", ohartarazi dutenez.

Aurrikuspenak

Eusko Jaurlaritzak aurreikusitakoaren arabera, ibilgailu gehien asteazken santuko arratsaldean (16:00etatik 22:00etara), Ostegun Santuko goizean (8:00etatik 12:00ak arte) eta Astelehen Santuko 10:00etatik 22:00etara izango dira. Hala ere, Gipuzkoan itzulera-fasea apirilaren 18ko 8:00etatik 22:00etara mantenduko dute. Izan ere, jaiegunetan ibilgailu astunek debekatuta dute errepideetan ibiltzea eta, hortaz, asteartean, kamioien zirkulazio handiagoa espero denez zaintza areagotuko dute.

Bestalde, maiatzaren 1eko zubiari dagokionez, operazioa apirilaren 28an hasiko da (15:00etatik 22:00etara) irteera-faserako; itzulera-faserako, berriz, maiatzaren 1ean (9:00etatik 22:00etara) izango da. Gipuzkoan, maiatzaren 2an ere mantenduko dute operazioa, ibilgailu astunen zirkulazioa dela eta.

Seguru bidaiatu

"Bidaiak seguruagoak izan daitezen", Herrizaingo Sailak arreta berezia eskatu die gidari guztiei eta zenbait gomendio errespetatzea galdegin die, hala nola, bidaian irteteko ordua aurreratzea edo atzeratzea, ordurik problematikoenak saihesteko; bidera irten aurretik ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatzea; une oro zirkulazio-arauak errespetatzea, eta abiadurarekin eta aurreratzeekin arreta berezia izatea.

Halaber, alkohola eta jaki astunak hartzea saihestea eta beharrezkoa denean atseden hartzea gomendatu du, bai eta trafikoaren egoeraren berri izatea komunikabideen bitartez eta istripua edota larrialdiren bat izanez gero laguntza eskatzea 112 telefono-zenbakira deituta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun