Iñaki Zarraoa alkateak egitasmo horiek aurkeztu ditu gaur goizeko prentsaurrekoan, Luis Maria Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko errepideen zuzendari nagusiarekin eta Andres Uriarte tokiko Hirigintzako zinegotziarekin batera, eta helburu nagusia "inguruko oinezkoei –tartean, institutuko mila ikasle baino gehiagori– segurtasun handiagoa ematea da, trafikoa lasaitzeko zenbait elementu jarriz, esate baterako, espaloia luzatuz Faduraraino".
Altxatutako oinezkoentzako lau pasabidek inguratuko dute biribilgunea eta inguruko semaforoak desagertuko dira. Gainera, udal agintariak azaldu duenez, “proposamenak ibaitik gertuen dagoen aldean espaloi bat eraikitzea aurreikusten du. Oinezkoentzako pasabide berria egitea ekarriko du eta, horri esker, institutuko ikasleak espaloi batetik bestera zuzenean pasa ahal izango dira. Gainera, gurutzagune horretatik Berangoko mugaraino doan tartea urbanizatu egingo da eta trafikoa lasaitzeko elementu batzuk ipiniko dituzte, tartean oinezkoentzako altxatutako pasabideak”.
Foru arduradunek behin betiko proiektua udako lehen hilabeteetan aurkeztea espero dute eta aurrekontua 420.000 eurotakoa baino gehiagokoa izan daiteke. Lanak 2006aren amaieran has litezke, “pentsatuta zegoena baino urtebete lehenago”, foru eta udal iturriek azpimarratu dutenez.
Beste egitasmo batzuk
Era berean, eta "segurtasuna handitzeko asmoarekin" ere Kortiñe inguruan beste biribilgune bat eraikitzeko duen asmoa jakinarazi dio Aldundiari Udalak, hain zuzen ere Getxo aldeko Gabriel Ramos Uranga eta Galeako errepidearen artean, “horra heltzen den ibilgailuen kopuru handiak hori gomendatzen duelako”, Uriartek azpimarratu duenez. Ekimen horiek Getxoko Udalari foru errepideen jabetza emateko hitzarmenaren barrukoak dira. 1994ean sinatu zuten bi erakundeek.