Koldo Martinez Berangoko EB-Berdeak taldeko zinegotziak salatutakoaren arabera, 2005eko uztailetik darama ohiko udalbatzarrera deitu gabe Miren Dobaran alkatea (argazkian), "nabarmenki urratuz osoko bilkura bi hilabetean behin egin behar dela agintzen duen Udal Arautegi Organikoa". Ezker Batuko ordezkariak "eskandalutzat" jo du "Berango bezalako udalerri batean orain dela bederatzi hilabetetik udalbatza bildu ez izana, bertan ditugun beharrizanak aztertu ahal izateko". "Sinestezina da horrenbeste denboran onartu edo eztabaidatzeko ezertxo ere ez izatea. Gobernu taldearen (EAJ) utzikeria eta udal jarduerak geldirik daudela begi bistakoa da", salatu du Martinezek. Hori dela eta, mozioa aurkeztu du udaletxean EBko zinegotziak, osoko bilkurara "berehala" deitu dezatela eskatuz. Halaber, egin ziren azkenak ez ohikoak izan zirela gogoratu du: "bata, abenduan, aurrekontuak onartzeko; eta bestea, urtarrilean, PPko zinegotzi berria karguaz jabetzeko".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!