Hiru gaztek deklaratu beharko dute Getxoko PPk Mentxakabarri aurrean eman behar zuen prentsaurrekoagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 11a, 23:19

"Desordena publikoa eta polizia agente bati lesioak eragitea leporatuta", hiru lagun deitu dituzte deklaratzera, apirilaren 25ean, Getxoko Justizia Jauregian, Algortako Gazte Asanbladako kide batek Bizkaiko Asanblada Libertarioaren webgunean jakinarazi duenez. "Gehiago izango direla uste dugu, bere garaian, 17 neska-mutil inguru salatu zituelako Marisa Arrue Getxoko PPko zinegotziak", gaineratu du. Gazteek abenduaren 23ko gertakarien ondorioz deklaratu beharko dute. Egun horretan, gaztetxearen aurrean prentsaurrekoa egitekoak ziren tokiko popularrak eta udaletxean egitea erabaki zuten azkenean, orain bi hilabete hustutako Mentxakabarri gaztetxeko (argazkian) neska-mutilak bertatik irten eta metro gutxitara paratu zirelako. Arruek orduan salatutakoaren arabera, "prentsaurrekoa egitea oztopatzeaz gain, jazarri egin gintuzten okupek. Geroago, udaletxean kontzentratu ziren eta bertatik irtetea galarazi ziguten". Horrekin batera, Getxoko Udalak ere jarri zuen salaketa udaletxe aurrean bildutakoen aurka, "tirabiretan udaltzain bat zauritu zelako", Iñaki Zarraoa alkatearen hitzetan.

Urtarrilean ere beste bost gaztek deklaratu behar izan zuten Getxoko Instrukzioko 2. epaitegian. Mentxakabarri etxea okupatu eta bertan gaztetxea eratu izana leporatu zieten horiei. Hala ere, neska-mutilek ukatu egin zuten haien kontrako salaketa eta gehienek adierazi zuten behin baino ez zirela hurbildu gaztetxera, Algortan zehar iragarrita zegoen doako bideo emanaldi bat ikustera, iazko abenduaren 3an. Egun horretan, 40 bat pertsona inguratu ziren filma bat ikusteko. Amaieraren ostean batutakoen erdia edo identifikatu zuen poliziak.

Jabeak salatutako "etxebizitza usurpazio delituak" 6 hilabeteko isuna ekar diezaioke, askoz jota, bakoitzari. Eguneko isun handiena 12,02 eurokoa denez, guztira, 10.818 euro izan litezke bostentzako zigorra. Defentsak orduan adierazitakoaren arabera, "baliteke epaiketa uztaila baino lehen ez izatea". Era berean, sumarioan beste 13 pertsona agertzen dira, baina adin gabekoak direnez litekeena da laster Bilbon deklaratu behar izatea, Bizkaiko Adin Gabekoen Fiskaltzaren aurrean.

Azkenik, Mentxakabarri gaztetxea hustu zutenean, martxoaren 7an, teilatuan kateatuta egon zen gazteari, desobedientzia larria eta erresistentzia leporatzen diote.

Gaiaren inguruko hainbat berri:

Mentxakabarri gaztetxeko sei lagunen kontrako akusazioak airean dira abokatuaren arabera (2006 Mar 07)

Mentxakabarri gaztetxea okupatu zutelakoan 10.818 euroko isuna jar diezaiekete Algortako 5 gazteri (2006 Urt 23)

Getxoko Udalak ere jarri die salaketa Mentxakabarriko gazteei (2006 Urt 20)

Mentxakabarriko gazteen kontrako salaketa jarri du Getxoko PPk (2006 Urt 16)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun