Getxoko XXIII. Haur Zine Jardunaldietan film bakarra izango da euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 13a, 19:14

Aste Santuko oporretan gaztetxoenek zineaz goza dezaten Getxoko Kultur Etxeak prestaturiko XXIII. Haur Zine Jardunaldietan 6 film eskainiko dira 17 emanalditan apirilaren 18 eta 23 bitartean. Alabaina, zinema euskaraz ikusteko aukera bakarra izango da: 2001ean ekoiztutako eta Tinko euskara elkartearen ekimenez 2005ean itzulitako "Mixina" 88 minutuko filma europarra. Haur Zine Jardunaldiak apirilaren 18an hasiko dira "El castillo ambulante" film luzearekin. Biharamunean, "Mixina" euskarazko filmaz gozatu ahal izango du publikoak eta, ostegunean, apirilak 20, "Sky High: una escuela de altos vuelos" eskainiko da zikloan. Laugarren jardunaldian, apirilaren 21ean, "Robots" animazio film ospetsua proiektatuko da eta, hurrengo egunean, "Doce fuera de casa" komedia izango da. Azkenik, jardunaldiak apirilaren 23an, igandean, amaituko dira "Oliver Twist" filmaren proiekzioarekin, Charles Dickensen obra ospetsuaren Roman Polanski zuzendutako bertsioa, hain zuzen ere.

Proiekzio guztiak Getxo Antzokian izango dira, hiru emanalditan: 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan. Apirilaren 19an 12:00etako eta 17:00etako saioak baino ez dira izango eta, 18an eta 23an, azken emanaldia 19:30ean hasiko da. Saio bakoitzeko sarrerak 2 euroko prezioa du.

"Mixina" filma

Tibbie erreportaria da Killendoom herriko egunkari batean. Bere lanpostua galtzeko zorian da bere izakera lotsatia dela eta kalera atera eta elkarrizketak egiteko gai ez delako. Bere nagusiak azken aukera eman eta gutxira Mixina andere xelebrea ezagutuko du. Mixina katuekin hitz egiteko gai da eta honek proposamen bat luzatzen dio: etxea eta janaren truke, herriko albiste interesgarrienak jakinaraziko dizkio Mixinaren katu espioi sarearen eskutik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun