Getxo Antzoki berriaren proiektua abenduan bukatzea espero dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 15a, 14:06

Getxoko Udalak Algortako Getxo Antzokia berreraikitzeko proiektua abian jarri baino lehenagoko ikerketa egitea aginduko du, horretarako 22 milioi euro bideratzea aurreikusten dutela. Ikerketa datorren maiatzerako eginda egon liteke eta behin betiko proiektua aurten eduki ahal izatea espero du Udalak: “udalerriarentzat proiektu garrantzitsua da kultur jarduerari bultzada nabarmena emango diolako” azpimarratu du Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Antzoki berriaren azalera 4.000 metro koadrokoa izango da, bertan ehunaka pertsonentzako lekua izango dela, 800 eta 1.000 bitartean, alegia. Tamainu horrekin neurri handiko jazz, antzerki eta beste kultur mota batzuetako ikuskizunak egin ahal izango dira bertan. Era berean, neurri txikiagoko aretoak (200 bat lagunentzat) ere izatea aztertzen ari da Getxoko Udal Gobernua, elkarteek bilerak egiteko, areto nagusikoa ez den zine programazioa aurrera eramateko, formato txikiko antzezpenak egin ahal izateko edo Getxoko Antzerki Eskolarentzat osagarria izateko.

“Ikerketak kokapenaren krokisa egitea, bete beharreko baldintzak eta beharrak zehaztea eta azkenean erabakitzen denaren arrazoi teknikoa eta urbanistikoa ematea nahi dugu. Ziurrenera, lanek Getxoko Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra aldatu behar izatea eragingo dute” zehaztu du Zarraoak.

Ikerketa datorren maiatzerako eginda egon liteke eta behin betiko proiektua aurten eduki ahal izatea espero du Udalak, horrela Gobernu Zentraleko Sustapen Ministerioarekin aurtengo finantziazioari eta hurrengokoei dagokienez lortutako konpromisoak bete ahal izateko.

Getxo Antzoki berrian ez da Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolako egoitza izango, hasieran aurreikusi zen bezala. “Horrek ez du esan nahi Algortak etorkizunean Musika Eskolako ordezkaritza izango ez duenik” gehitu du Zarraoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun