Gidariak ez ezik, oinezkoak ere zigortuko dituzte harrapatzeak ekiditeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 18a, 12:08

Ertzaintzak eta Udaltzaingoek hamabost eguneko zaintza eta kontrol kanpaina abian jarri dute gaur Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) kale eta errepideetan autoen harrapatzeei aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera. "Ekimen honen berritasun garrantzitsuena hau da: oinezkoei bidea ematen ez dieten gidariak eta ezin den lekutik edo, semaforoa gorrian dagoela, bidea gurutzatzen duten oinezkoak salatuko dituzte polizia agenteek", azaldu dutenez. Gehiegizko abiadura mugak errespetaraztearekin batera, harrapatzeak gutxitzea da 2003tik 2006ra arteko EAEko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren lehentasunetako bat. Hain zuzen ere, egitasmo horren barruan daude egunotan hartuko dituzten neurriak.

Plan horren Kontrol eta Zaintza Mahaiak –Trafiko Zuzendaritza, Ertzaintza; Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaltzaingoak eta Eudel daude ordezkatuta bertan– berriki egindako bilera batean kanpainan hartu behar diren neurri zehatzak landu zituen, Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera. Bilera horretan, harrapatzeak gertatzeko arriskua dakarten portaera desegokiak salatzea hartu zuten irizpidetzat. Hemendik aurrera, arriskua dakarten portaera horiek dituzten gidari zein oinezkoak salatuko dituzte polizia agenteek. Neurri hau pixkanaka ezarri nahi dute eta, kasurik larrienetan, ahozko ohartarazpen bat egingo da.

Gidarien kasuan, semaforo bat gorrian dagoela pasatzeak edo seinalatutako igarobide batean oinezkoak duen lehentasuna ez errespetatzeak 150 euroko multa ekarriko du eta, uztailaren 1etik aurrera, gidabaimenean lau puntu galtzea. Oinezkoen kasuan, berriz, semaforoa gorrian igarotzeak edo zebra biderik ez dagoen lekuan bidea gurutzatzeak 90 euroko multa ekarri dezake. Zigor hori 100 eurotara iritsi daiteke autoek lehentasuna duten lekuetan oinezkoek bidea ematen ez dietenean, Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera. Gainera, urriaren bigarren hamabostaldian horrelako beste kanpaina bat egitea erabaki du Kontrol eta Zaintza Mahaiak.

Zaintza neurri horiek indartzeko mezuak emango dira komunikabideetan, "kale eta errepideetako erabiltzaileak kontzientziatzeko, oinez doazela edo bide bat gurutzatzerako orduan arriskurik izan ez dezaten". Trafiko Zuzendaritzak, Bideko Segurtasuneko Mapfre institutuak eta RACVN ekimenarekin koordinatu dituzte gai honen inguruan dituzten kanpainak.

Harrapatzeei buruzko hainbat datu

2005ean, zirkulazio-istripuetan hildakoen %15 baino gehiago harrapatutako oinezkoak izan ziren. Arazo honek adin nagusikoei eragiten die gehien, Eusko Jaurlaritzatik ohartarazi dutenez. Gauzak horrela, 2005eko lehen seihilekoan 55 urtetik gorako 30 oinezko hil ziren edo larri zauritu, harrapatuta. EAEko Trafiko Zuzendaritzaren Bide Segurtasunaren Makroinkestak dioenez, oinezkoen %45ak bakarrik errespetatzen ditu semaforoak. Era berean, inkesta egin zaienen %31ak dio harrapatzeak gertatzearen arrazoi nagusia presarekin ibiltzea eta beharrezko arreta ez jartzea direla; %26ak berriz istripuen arrazoia oinezkoen arduragabekeria dela dio, leku desegokietatik gurutzatzean. "Inkesta horretan, galdetutako %66a oinezkoen arduragabekeriak zehapenekin zigortzearen alde agertu da", Herrizaingo Sailaren hitzetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun