Lau urtean orotara mila bat erreferentzia bildu nahi dituen proiektu zabalago baten lehenengo emanaldia da hau, berauek, beharrizan didaktikoetara egokituta, musika irakaskuntza ez arautuan sartzeko xedez. Apirilaren 4an Aho Bete Kanta liburu eta DVD-ROMa aurkeztu zuen Arteola elkarteak Bilboko Kafe Antzokian, baita egun batzuk geroago Euskalduna jauregian izan zen Musika Eskolen II. Nazioarteko Biltzarrean ere.
Musika eskoletan erabilgarria
Euskal Herriko musika eskolen elkartearekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin Arteolak koordinatutako lana erronka garrantzitsua izan da, 230 pieza horiek aukeratzea eta musika eskolen hezkuntza eta curriculum beharrizanetara egokitzea. 50 laguneko lan-talde anitzak (irakasleak, abeslariak, musikariak, moldatzaileak, informatikariak, kazetariak...). Lanaren atal bakoitzeko erredakzioaren arduradunak, hurrenez hurren, Juan Carlos Perez, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal, Fermin Muguruza, Juan Antonio Urbeltz, Trikitixa Elkartea, Bixente Martinez, Anton Latxa eta Iñaki Salvador izan dira. Abesti edo doinu bakoitza bere inguruko datuekin dator, haren egilea, azalpen idatzia eta jatorrizko grabaketa, eta beharrizan pedagogiko akademikoetara egokitu da. Horrez gain, koordinazioa, edizioa eta eskubideen kudeaketa lan handia egon da ekoizpen honen atzean.
Musika eskoletako ikasle eta irakasleentzat oso ekoizpen erabilgarriak izango dira liburua, DVDa eta web gunea. Gizarte osoarentzat ere urrats garrantzitsua da herri musikaren ondare horren biziberritzeko eta duintzeko bidean. Haren inguruko harreman sarea berreraikitzen lagundu dute hemen esku hartu dutenek, elkar ezagutuz eta onartuz, herri musikan eta haren sustapenean interesa duten askok. Arteolako kide Josu Zabala musikariaren esanetan, "ondare hau gizarteratuz, gure asmoa, hasieran musika eskolen bidez, gizartea aberastea eta egituratzea da, bere burua ezagutu dezan, herri musikaren bidez etengabe sortzen eta birsortzen ari delako".
Aho bete kanta web gunearen inguruko zenbait jakingarri:
- 230 kantaren partiturak pdf formatuan eta instrumentu ezberdinentzako bereizita, egilearen biografia, abesti bakoitzaren letra, ohar laburra, fitxa didaktikoa, diskoaren azala eta egilearen argazkia.
- 7 atal, hurrenez hurren Juan Carlos Perez, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal, Fermin Muguruza, Juan Antonio Urbeltz, Trikitixa Elkartea, Bixente Martinez, Anton Latxa eta Iñaki Salvadorrek zuzenduak.
- 85 egileren lanak.
-Ia 60 lagunek esku hartu dute arlo teknikoan eta erredakzioan, besteak beste, Pablo Cabeza, Pako Aristi, Xabier Amuriza, Igor Elortza, Marino Goñi, Kirmen Uribe, Unai Iturriaga, Edorta Jimenez, Anjel Valdes.
Arteola elkartea