Itsas-bidaia ontzientzako kaian aparkalekua jartzearekin tematuta dago Getxoko PP

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 18a, 21:08

Ostegun eta Ostiral Santuan sortu ziren "auto-ilara handiak" direla eta, Getxoko Kirol Portuan aparkatzeko dauden arazoei irtenbidea emateko eskatu dio, berriro ere, Iñaki Zarraoa alkateari, Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak. Duela zortzi egun, luxuzko itsas-bidaia ontzientzako kai berriaren (argazkian) alboan kokatutako zabaldegia horretarako erabiltzea eskatu zion udal agintariari PPko zinegotziak. Hala ere, aipatu neurria "kaltegarritzat" jo zuen bi egunetara Zarraoak. "Bertara ibilgailu gehiago heltzea erraztu nahi ote duzue, sarbideak egokienak ez direnean?", aurpegiratu zien popularrei alkateak. Bestalde, egun oinezkoentzakoa den kairako bidea autoentzako ere zabaltzeari "hanka-sartzea" iritzi zion udal agintariak; "barandarik ez dagoen gunean aparkalekua jarri nahi izateak dakarren arriskua" alde batera utzita.

Getxoko Kirol Portura kotxez sartzea "korapilatsua" dela onartzen duten arren, luxuzko itsas-bidaia ontzientzako kairen alboan dagoen zabaldegian aparkatzeko tokiak jartzearekin tematuta daude tokiko popularrak. Arruek prentsa ohar bidez azaldutakoaren arabera, "Ostegun eta Ostiral Santuko eguraldi onaren ondorioz, lagun ugari hurbildu zen kirol portura. Hala ere, bertara sartzea zein aparkatzeko lekua aurkitzea zaila denez, auto-ilara handiak sortu ziren". Getxoko PPko bozeramailearen hitzetan, "herritar askoren haserrea" eragin zuen horrek, "are gehiago kai berriaren alboko 6.000 metro koadroko zabaldegia hutsik zegoela ikusita".

Mozioa

Euren eskaerari ezezkoa emanez, "getxoztarren arazoei irtenbidea emateko inolako asmorik ez duela erakusten ari da berriro ere Zarraoa", Arruek salatu duenez. Izan ere, "konponbidea erraz samarra" da popularren hitzetan eta "alkateak esandakoa alde batera utzita", hurrengo udal batzarrean gai honen gaineko mozioa aurkeztuko dutela iragarri dute. "Gainontzeko alderdiek EAJko agintariaren jokabide harroputz eta agintzailearekin ez kutsatzea espero dugu, Getxoko Kirol Portuan dagoen apartzeko arazoari irtenbide egokia eman ahal izateko", gaineratu du Arruek. Hala ere, Zarraoak argi utzi zuen joan den astean horren aurrean Gobernu Taldeak (EAJ, EA eta EB-Berdeak) mantenduko duen jarrera. "Politikoa baino, praktikoa da gure irizpidea. Toki guztietan egiten ari dira horrela. Behin eta berriro adierazi diogu PPri", aipatu zuen alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun