Getxo udalerriko jaietako argazki-bilduma egin du Mikel Martinezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 20a, 19:27

"Getxoko Jaiak 2005: photo album" izenburuko liburua, Mikel Martinez argazkilari algortarrak iazko San Martin (Algorta), San Isidro (Getxo), Karmen (Neguri Langile), Paella Eguna (50. urteurrena), Santa Ana (Areeta), San Inazio (Algorta), Itzubaltzeta / Erromo, San Lorentzo (Algorta), Portu Zaharra (Algorta) eta Mesedeetako Amaren (Areeta) festetan egindako erreportaje grafikoaren emaitza dugu. Hain zuzen ere, "jaiak posible bihurtu duten, hots, jaiez gozatzen eta parte hartzen duten pertsonak" ditugu Getxoko Udalak berak argitaratutako irudi-sortaren protagonistak, atzoko aurkezpenean Iñaki Zarraoa alkateak aipatu zuenez. Argazkiei laguntzen dieten testuak ere ez dira edozelakoak: herrikoa ere den Unai Elorriaga idazle ezagunak egin ditu. "Getxoko Jaiak 2005: photo album" asteburu honetan, apirilaren 21etik 23ra, Algortako Telletxe plazan izango den Getxoko Liburu Azokan salduko dute –urtean zehar, udalerriko liburudendetan–, 9,60 eurotan. Guztira 1.000 ale atera dituzte. Gainera, argazkiak tamaina handiagoan ikusteko parada egongo da aipatu jardunaldietarako prestatutako erakusketaren bidez.

Ohikoa da udalerriko jaietan Mikel Martinez argazkiak egiten ikustea. "Festetan kamerarekin kalera ateratzea, lepoan zapia eramatea bezalakoa da niretzat", adierazi zuen atzo argazkilari algortarrak. Gauzak horrela, aspaldian buruan bueltaka zebilkion asmoa bete du Martinezek. "Urtero egiten ditut argazkiak jaietan, baina orain arte etxean pilatuta gelditu izan dira. Orain kaleratutako argazki-sorta, berriz, testigantza grafiko izugarria suposatzen du. Batek daki zer esango duten hemendik urte batzuetara irudietan ateratzen diren txikitxo horiek", azaldu zuen.

"Oso erraza, Watson maitea"

Unai Elorriagarekin elkarlanean aritzea ere ez da gauza berria. 2000an "UK" aldizkariak argitaratutako "Uribe Kostako Jaiak" bilduman idazle algortarrak berak jantzi zituen hitzez Mikel Martinezek egindako irudiak. Oraingo honetan, Watsoni berbetan ari zaion detektibe ingelesak –argi dagoenez, Sherloc Holmes, izena aipatzen ez duen arren– egiten du irudien gaineko ausnarketa. Gainera, "Aukeratutako argazkia" izeneko atalean, detektibeen antzera jokatu beharko dute irakurleek Holmesek deskribatzen duen aurpegia zeinena den asmatzeko. "Jokotzat planteatu dut, jaiak ere jolasa direlako", aipatu du Elorriagak.

Holmes atzerritarra izatearekin ere badu zerikusia detektibe ingelesa aukeratu izatea. "Kanpotik gurera etortzen den lagun baten ikuspuntua eman nahi izan diot. Guretzat ohitura dena bitxia izan ohi da beraientzat: hilerri baten hormaren parean, ehunaka lagun paella egiten ikustea ulertuko duenik... Baina, aldi berean erakargarri ere egiten zaie", idazlearen hitzetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun