Sahararen aldeko biharko manifestaziora joateko deitu du Atfal elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 21a, 14:27

Apirilaren 22ko Sahararen deskolonizazioaren eta independentziaren aldeko nazioarteko egunarekin bat egin dute Euskadiko Sahararen aldeko Elkarteek. Gauzak horrela, larunbat honetan, Bilboko Areatza plazan izango diren ekitaldietan parte hartzeko deialdia luzatu dute. Antolatutako jardueren artean, aimak, informazio materiala, argazki erakusketa, te dastatzea, musika... egongo dira, 11:00etatik 13:00etara. Ordu batetan, berriz, manifestazioa abiatuko da Areatzatik. Sahararen aldeko Getxo udalerriko Atfal elkarteak UKBERRI.NETi helarazitako prentsa oharraren arabera, "Mendebaldeko Sahara, Nazio Batuen Erakundearen arabera, deskolonizazio prozesu batean dagoen lurraldea dela eta, Autodeterminazioaren Erreferenduma gauzatu arte, prozesua ez dela amaituko" izango da aldarri nagusia. Jabi Zabalaren argazkian, Saharan egindako protesta ekintza bat.

Bestalde, aurten ere udan zehar udalerriko familiek euren etxean saharar umeak hartzeko asmoz, Oporrak Bakean kanpainarekin bat egin du Atfal elkarteak. Hamar edo hamabi neska-mutil jasotzea da 2006ko ekimenaren helburua, Aljeriako Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetatik etorriak, alegia. Familiek maiatzera arte izango dute eskaera egiteko aukera. 1996an martxan jarri zen Oporrak Bakean ekimenak hiru helburu ditu Sahararen aldeko elkarteko kideen hitzetan: "saharar umeek gure artean oporrak gozatzea, horien osasuna zaintzea hemen egiten dizkieten azterketei esker eta azkenik, getxoztarren artean gurea ez den beste errealitate batekiko sentsibilizazioa eta ezagutza bultzatzea". Informazio gehiagorako: atfalgetxo@gmail.com

Hona hemen Euskadiko Sahararen aldeko Elkarteek plazaratutako oharra:

Sahararen deskolonizazioaren eta independentziaren aldeko manifestazioa

Euskadiko Sahararen aldeko Elkarteok bat egiten dugu datorren apirilaren 22an Sahararen deskolonizazioaren eta independentziaren aldeko nazioarteko egunarekin.

Mendebaldeko Sahara, NBEren arabera, deskolonizazio prozesu batean dagoen lurraldea da eta prozesu hau ez da amaituko Autodeterminazioaren Erreferenduma gauzatu arte.

Horrela izanda ere, momentu honetan Maroko prestatzen ari den Mendebaldeko Saharako Autonomiaren proposamenaren aurrean gure kezka azaldu nahi dugu. Are gehiago apirilaren 30ean MINURSOren (Mendebaldeko Sahara Erreferendumerako Nazio Batuen Nazioarteko Misioa) azkeneko luzapena bukatzen denean.

Marokoren proposamen hau, nazioarteko ebazpen guztien aurkako izanda, bere okupazio ilegala tinkatzeko planteatuta dago. Nazioarteko legealdiak Autodeterminazio Erreferenduma exijitzen du non sahararrek, eta beraiek bakarrik, libreki erabakitzea izango duten bere etorkizuna, lurraldearen independentzia aukera delarik .

Espainiako gobernuak "autonomiaren" proposamen honen aurrean azaldu duen jokaera anbiguoak eta Maroko eta Europa Batasunaren arteko arrantza Akordioren aurrean eduki duen jarrerak, egoera ilegala bermatzen dute non saharar herritarrak diren kalterik handiena jasaten dutenak.

Saharar errefuxiatuek 30 urte Tindoufeko basamortuan sufritzen eman duten bitartez, lurralde okupatuetako sahararrek egunero pairatzen dute Marokoko indarkeria: etxeen miaketak, torturak, atxiloketak, pertsonen desagerpenak, hilketak… Torturaren Aurkako Nazioarteko Erakundea, Human Rights Watch eta Amnistía Internacional bezalako nazioarteko erakundeak etengabe egoera hau salatzen aritu arren, MINURSOren pasibotasuna aipagarria da.

Hau dela eta, apirilak 22an, Bilboko Areatza plazan egingo ditugun ekitaldietara joateko deia luzatzen dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun