Bost gazte atxilotu zituzten atzo, goizaldeko lauak aldera, Leioako udaltzainek. Aipatu gazteei leporatzen diete Astrabuduko Txakurzulo kalean hiru ordu laurden lehenago tira eginez emakume bati poltsa bat ostu izana eta beraz lapurreta delitua egin izana. Erandioko Ertzaintzako poliziak lapurretaren biktimarekin egon ziren hau gertatu eta gutxira eta honek emandako lapurren datuak jakinarazi zizkion Leioako Udaltzaingoari, izan ere herri horretarantz abiatu ziren gazteak. Goizeko lauak aldera Leioako udaltzainek 19 urteko J.J.M.J. eta 15 eta 17 urte bitarteko beste lau adin txikiko gazteak atxilotu zituzten Sabino Arana kalean emandako deskripzioarekin bat egiten zutelakoan. Identifikatu ostean, agenteek, lapurretaren biktimaren hainbat gauza aurkitu zizkieten gazteei. Izapideak bukatu ondoren, atxilotuak aske geratu ziren, epailearen deiaren zain.