Apirilaren 28ra arte dago Ereagako hondartza txapelketetan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 24a, 21:04

Hamabost urte egingo dituzte aurten Getxoko Hondartza Txapelketek. Udalaren eta BBKren babesarekin, Ereagako inguru atseginean antolatzen dituzte urtero kirol jarduerak Kirikeko begiraleek. Asteburutik asteburura jende-kopuru handia batu ohi da areatzan. Aurten zazpiko futbola hondar bustian eta seiko boleibola hondar lehorrean jokatuko dira, maiatzaren 6tik 21era, itsasaldien araberako ordutegietan. Izena emateko kuotak batean zein bestean jarduteko aukera ematen du. Futbolean zein boleibolean, gutxienez, hiru partida jokatuko dira eta, bigarren fasea, kanporaketen bidez egingo da. A mailan (13 eta 14 urte) eta B mailan (15 eta 16 urte) 8 euro ordaindu beharko du partaide bakoitzak. D mailan (17 eta 24 urte bitartean) eta E mailan (25 urtetik gora), berriz, 10 euro. Apirilaren 28ra arte egongo da izena emateko aukera, Kiriken web orrian, 944 911 746 telefono / fax zenbakian edo Kantxa Kirol Modan (Torrene kalea, Algorta).

Txapelketak adin guztietako lagunei zuzenduta daude; haurrak, gazteak zein helduak izan. Baina, azpimarratu beharra dago azken bolada honetan 18 eta 35 urteen artekoek gero eta gehiago parte hartzen dutela. Ingurune natural horretan egiten diren helburu "handimandirik" gabeko jarduera hauek biztanleek oro har dituzten aisialdirako beharrak betetzen dituzte, antolatzaileen hitzetan.

Egutegia

Maiatzaren 6an hasiko da txapelketa. Finalak eta sari-banaketa maiatzaren 21ean egingo dira. Futbolean itsasaldiaren arabera arituko dira, eta boleibolaren ordutegia futbolean ere jokatu ahal izateko egokituko da.

- Maiatzaren 6, 7 eta 13an sailkapen jardunaldiak izango dira zazpiko futbolean zein seiko boleibolean.

- Maiatzaren 14an kanporaketak izango dituzte sailkatutako taldeek.

- Maiatzaren 21ean zazpiko futboleko finalak eta seiko boleiboleko finalerdiak eta finalak jokatuko dira.

Argibide gehiago nahi izanez gero: http://www.kirik.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun