Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak Unibertsitatea Tipi-Tapa osasunez ibilaldiaren hirugarren edizioa antolatu du maiatzaren 7rako. Oinez egingo da, ez du lehiaketa izaerarik edukiko eta mundu guztiari irekita dago, helburua EHU gizartera hurbiltzea baita, prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez. Ibilbideak (13 kilometrokoa luzea eta 6,5ekoa laburra, 10 urtetik beherako umeentzat) EHUk Bilbon eta Leioa-Erandion dituen ikastegiak lotuko ditu, bertako ingurunea ezagutarazteko. Hain zuzen ere, 9:30ean hasiko da martxa Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (9:45ean Alde Zaharreko EuskoTreneko geltokian ibilbide laburrerako) eta hiru bat ordu beranduago bukatuko da Leioa-Erandioko campuseko kiroldegian. Hortik doako autobus-zerbitzua egongo da Astrabuduako metro geltokiraino.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!