Ikasleek Lanbide Heziketa edo Batxilergoa ere euskaraz egin dezaten bultzatuko dute Uribe Kosta eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 27a, 18:51

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez sortutako euskara zerbitzuen Alkarbide bilguneak koordinatuta, Bizkaiko 36 udalerritako DBHko 7.200 ikasleei zuzenduta egongo da "Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz" kanpaina, datorren ikasturterako aurre matrikulazio data heldu arte (maiatzak 5). Ikasle hauek bigarren mailako ikasketak euskaraz egiten jarrai dezaten sustatzea da egitasmoaren helburua, hots, Lanbide Heziketan edo Batxilergoan euskaraz ikasten segi dezaten. Neska-mutil guzti horien artean, Uribe Kosta eskualdeko gazteek ere jasoko dute kanpainaren berri. Argazkian, Getxoko Aixerrota institutua.

Kanpaina atzo aurkeztu zuten Bilbon, prentsaurreko batean, Gozton Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak, Miren Dobaran Berangoko alkate eta Eudel elkarteko Euskara arloko arduradunak eta Alex Sardui Gatibu musika taldeko abeslari gernikarrak. Bertan azaldu zituzten kanpaina honen nondik norako guztiak, eta "derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko aukera" badagoela nabarmendu zuten.

Eman zituzten datuen arabera, Bizkaian, gaur egun, guztira 36.750 ikasle daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH); horietatik 15.572 D ereduan ari dira (%42,40), 7.524 B ereduan (%20,50), 13.130 A ereduan (%35,70) eta 524 X ereduan (%1,40). Batxilergoan, berriz, 15.911 neska-mutil matrikulatu dira aurten; horietatik 6.367 ikaslek D ereduan jarraitzen dute (%40), 194 B ereduan ari dira (%1,20), 9.247 A ereduan (%58,10) eta 103 X ereduan (%0,70). Lanbide Heziketan, ordea, erdi mailan, 5.799 ikasle daude matrikulatuta: horietako 590 D ereduan ari dira (%10,20), 109 B ereduan (%1,90), eta 5.100 A ereduan (%87,90). Goi mailan erdi mailan baino neska-mutil gehixeago dago; guztira, 8.335 ikasle daude, horietatik 7.444 A ereduan ari dira (%89,30), 188 B ereduan (%2,30) eta 703 D ereduan (%8,40).

"Zeurea da aukera: jarraitu euskaraz" lelopean, kanpaina honek "Lanbide Heziketan eta Batxilergoan euskarak DBHn izandako bilakaera berbera" lortzea bilatzen du, Loberaren esanetan. "Euskara gure ohiko hizkuntza eta harremanak izateko bakarrik ez dela konturatu behar dira gazteak, eta jakin behar dute euren bizitza profesionalean hainbat irteera eman diezazkien tresna bat ere badela", azaldu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendariak. Miren Dobaran Eudeleko ordezkariak adierazi zuenez, "behin konturatu ginen euskaraz derrigorrezko hezkuntza egiten zuten gazteak beste aukera batzuetara igarotzen zirela, agian informazio faltagatik edo ez zirelako gai ikusten euskaraz ikasten jarraitzeko".

Ikasleen partaidetza sustatzeko kanpaina honen aurtengo edizioko pertsonaia ezaguna Alex Sardui rock abeslari gernikarra da. Bere esanetan, "egunero ikusten da kalean gazteek gehiago egiten dutela euskaraz", izan ere, musikariaren ustez, euskara "geldiezinezko prozesu batean sartua dago". Era berean, bere belaunaldiak ez zituela honelako aukerarik izan eta, beraz, "gazteentzat kanpaina positibo bat" dela azpimarratu du zuen Sarduik.

36 udalerritan

Alkarbidek koordinatuko du kanpaina eta Lanbide Heziketa zein Batxilergo ikastetxeak dituzten Bizkaiko 36 udalerrik hartuko dute parte, hiru mankomunitate (Enkarterriak, Uribe Kosta eta Txorierri) eta 15 udalerritan (Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gordexola, Markina, Muskiz eta Zornotza) banatuak.

Udalerri hauetako 7.200 ikasleek gutun bat jasoko dute euren etxeetan, hiru elementu izango dituena: Batxilergoa eta Lanbide Heziketa Bizkaia non ikasi ahal den azaltzen duen liburuxka bat; opari gisa kanpainaren leloa idatzirik daraman sakeleko telefonoa gordetzeko zorrotxoa; eta gazteek ikasketak euskaraz jarrai dezaten animatzen duen Alex Sarduiren gutun bat.

Oraintsu abiatu den kanpaina hau datorren urterako ikasturterako matrikulazio-aldia hasi orduko abiaraziko da eta indarrean egongo da matrikulazioak iraun artean, hau da, apirilaren 24tik maiatzaren 5era.

Iaz Athleticeko jokalaria den Luis Prieto dimoztarraren laguntza izan zuen kanpainak, eta bere arduradunek Lanbide Heziketan eta Batxilergoan euskarazko matrikulazioetan %2,9ko igoera bat izan zela nabaritu zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun