Martxa helduko zain, gaztetxe eta gazte asanbladak beharrezkoak direla aldarrikatu du Uribe Kostako koordinadorak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 27a, 20:15

Badira urte batzuk Uribe Kostako eskualdea eratzen duten herriak hazten eta garatzen hasi zirenetik, “Gran Bilbao”ko ereduak irentsia agian. Geroztik, ehunka edota milaka etxebizitza eraiki dira, asko luxuzkoak eta beste batzuk ez hainbeste; aldi berean, errepide eta zubiak ere agertu direlarik, diotenez, herri eta kosta gunetara era erraz eta sinplean heltzeko. Herri guneek, noski, itxura atsegina aurkezten dute, kolore grisez “garbituriko” paretekin, lotsagaberen batek margoturiko graffiti edo esaldiren bat ezkutatzeko. Aparkaleku erraldoiak eraikitzen dira, jada ez baitago lekurik autoak aparkatzeko; eta, logikoki, askotan, TAO sistema aplikatzen da, automobilaren erabilera ezegokia erregulatu eta ekiditeko. Eta nola ez, garraiobide publiko eta pribatuen erabilera bultzatzen da, kontutan hartu barik prezioak; zeinak, ziur aski, eskuragarriak izan beharko liratekeen jende guztiarentzat. Argazkian, orain gutxi Getxon okupatutako etxea.

Uribe Kosta milaka kultur eta aisialdi eskaintza dituen lekua da, beste batzuen artean, eguna, Kirol Portuan edo Artea merkatal-gunean pasatzea; geroago, modan dauden arropa dendetan erosketa batzuk egiteko. Lurralde atsegin eta lasaia da bizitzeko, tabernek ez baitute oso berandu ixten eta gazteriak nahiago baitu Bilbotik edo inguruko diskoteketatik irten parrandan. Herri hauetan, normala denez, lanean edo ikasten dabiltzan gazte arruntak daude, mozkortzeko, ostirala heltzea desiratzen ari direnak.

Zoritxarrez, badago beste gazteria mota bat: gogaikarria den gazteria bat, manifestazioak, karteladak eta beste ekintza asko egiten dituena. Era berean, hauetako batzuk etxeak okupatzen dituzte; jabeak duinki eta esfortzu askoz erositakoa, berea denez, eskubide osoz, urteetan erabili barik eduki dezakeen etxea. Okupa hauek hutsean kexatzen dira, eta lokalik ez dutela argudiatuz, era arin eta errazena aukeratzen dute, indarrez beraiena ez den gauza bat hartzeko, pribatua dena gainera.

Horrelakoa da Uribe Kostako errealitatea; merkatal gune, errepide eta etxebizitzen eraikuntza eta bestelako inbertsioei esker, aurrera doan herria, Eusko Jaurlaritzaren iragarkian bezala. Behintzat, jende askok horrela ikusi nahi duela dirudi. Eta “ikusi nahi” diot, ez baitago pertsona itsuagorik, ikusi nahi ez duena baino; era errealago batean ikusi daitezkeelako gauzak.

Adibideak ugari

Alde batetik, inongo kontrolik gabe, etxebizitzak eraikitzen diren bitartean, milaka etxe hutsik daude, prezio eskuragaitzetan denak. Bat-batean, zementuzko munstro bat agertu da gure inguruetan, inork ezertxo ere galdetu barik, Lurralde Plan Partziala edo PTP deritzonaren barruan. Hori bai, hormigoitik hurbil, belarrezko eta loredun zatitxoak, aitzina leku berbera okupatzen zuen zelaiaren plantak egiten edo.

Bestalde, aisialdi eta eskaintza kulturalei dagokienez, udalek ez dute ganorazko gauza askorik eskaintzen gazteriarentzat. Baliteke adibide argi bat koadrilen aldetik, lonjen eskaria izatea: sekulako dirutza ordaintzea, gela batean, Play Station-aren aurrean egoteko, ez baitago beste lekurik ondo pasatzeko. Gainera, neguan hotza egiten du, eta kalean ez dago asko egiteko, porroak erretzea edo beste “denbora-pasa”ren bat ez bada. Eta hau dena, PNVren ardurapean, eskualde osoan. Beno, PNV eta dioten hazkunde eta garapenaren atzean dauden etxegile, politikari eta poliziak, udaltzaingoa barne. Horren emaitza, eredu kontsumista eta elitista baten inposaketa.

Inposatutako ereduei aurre egin

Amaitzeko, jakin, Uribe Kostako gazte askok maiatzaren 30ean gure herrietara etorriko den Gaztetxe Martxan parte hartuko dugula, bi astetan zehar Euskal Herri osoa igaroko duena. Gertakizun honekin, gazteok gaztetxe eta gazte asanbladek herrietan duten papera errebindikatzen dugu, erreala eta beharrezkoa den rola. Milaka gazte gara era zuzen edo ez zuzenean ekintza ezberdinetan parte hartzen dugunok, beti era autogestionatu eta asanblearioan. Edozein instituzio edo autoritateekiko menpekotasunari uko egiten diogu, egunero inposatzen diguten sistema kapitalistari guk geuk alternatiba errealak eraikiz.

Ez gara okupa edo gaztetxero soilak, jende askok ikusten gaituen bezala. Adin, kezka edota ideologi ezberdinetako gazteak gara, gaztetxeak diren leku askeetan biltzen garenak. Hemen, guk nahi ditugun ardura eta erabakiak hartzen ditugu, elkarrekin ezagutzen gara eta sentsu kritiko batekin pentsatzen ikasten dugu. Horregatik, gure herrietatik pasako den Gaztetxe Martxan parte hartzera animatzen zaituztegu, eta garrantzitsuagoa dena, gure eskualdean gainera datorkigun bizi eredu honi aurre egiten, gaztetxe eta gazte asanbladetan parte hartzen ez bada ere.


Mikel Perez
Uribe Kostako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Koordinadora
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun