Akordio Soziopolitikoa 2004ko azaroan hamaika alderdi politiko eta sindikatuk euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko sinatu zuten akordioa da. Izan ere, 2003ko otsailaren 20an Auzitegi Nazionalaren aginduz Egunkaria itxi zutenean, begi-bistan gelditu zen euskalgintzak eta euskarak berak behar zuten babesa. ANV-EAE (Acción Nacionalista Vasca-Eusko Abertzale Ekintza), Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartea), ELA (Euskal Langileen Alkartasuna), ESK (Ezker Sindikalaren Konbergentzia), Hiru (Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatua), LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak), EILAS (Euskadiko Irakaskuntzaren Langileen Sindikatua), Zutik eta Kontseilua izan ziren euskararen normalizazio prozesuari bultzada emateko akordioa sinatu zutenak.
Konpromisoak eta helburuak
Hizkuntza-normalizazioa eta hizkuntza-eskubideen babesa konpromisoen bidez lortuko dela adierazi zuen Xabier Mendigurenek: "Eragileek beraiei dagokien puzzle honetako pieza hartu dute, beraiei dagokien konpromisoa hartu dute eta Kontseiluak arlo guztietako gizarte eragileei dei egiten die beren pieza hartzeko, beren konpromisoa hartzeko".
Urte eta erdi honetan, lehentasunak markatu dituzte Akordio Soziopolitikoaren sinatzaileek. Alde batetik, euskararen presentzia urria telebista digitalean, nahiz Iparraldeko eta Nafarroako ikastolen eta euskaltegien egoera larria ekiditeko proposamenak egin dituzte. Bestetik, euskara ofiziala ez den lurraldeetan ofiziala balitz bezala jokatzeko hitzarmena, udalerrietan aplikatu beharreko hizkuntza-politika egokiaren irizpideen zerrenda, zein hezkuntza sistemako langileak euskalduntzeko hartu beharreko neurriak biltzen dituen dokumentua burutu dituzte.
Aurrera begira, ikastereduak gainditzeko ekarpena egitea eta euskalgintzaren kontrako erasoek sortutako kalteen zenbaketa egitea dira Akordio Soziopolitikoaren helburu nagusiak.
Era berean, orain arte egindako lanak aipatu zituen Kontseiluko idazkari nagusiak. Besteak beste, iaz lan mundua euskalduntzeko komunikazio kanpaina goraipatu zuen Mendigurenek: "Sindikatu sinatzaileen eskutik 50 langiletik gorako 1.400 enpresatan egin genuen kanpaina, lan munduan euskararen aldeko konpromisoak hedatzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez".
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua