Hirugarren aldia da Behatokiak eta Euskal Herrian Euskaraz-ek Europako Foro Sozialean parte hartzen dutena. Bestalde, bigarren aldia da EHEk hizkuntza gutxiagotuen inguruko mintegia antolatzen duena beste eragileekin elkarlanean. Aurtengoan, Europako Ituna izango da Foro Sozialean landuko den gai nagusietakoa eta hizkuntzen inguruan antolatutako mintegi honetan ere ardatza izango dugu hori. Euskal Herritik, Behatokia eta EHE izango dira maiatzaren 5eko mintegian. Behatokiak eraikitzen ari den Europaren ereduak hizkuntza gutxiagotuetan duen eragina aztertuko du eta gainerako ordezkariek, eragin hori gure herrian eta gure hizkuntzetan nolakoa izango den aztertuko dugu.
Behatokia
Foro Sozialean Europari buruzko eredu berri baterako proposamenak eta ildoak zehaztuko badira, ezinbestean, lurralde honetako errealitateari eutsi behar dio. Gogoratu beharko genuke, iaz Behatokiak Europako Itun Konstituzionalaren azterketa egin zuela hizkuntza-eskubideen ikuspegitik eta bertan hainbat gabezia plazaratu zituela, besteak beste, Europako Batasunaren oinarria den Itunak Europako berezko hizkuntza gehienak desagerrarazi egiten zituela, edota hizkuntza-eskubideen aitortzarik egiten ez zuela.
Hori kontuan harturik, Gizarte Foroak berdintasunean oinarritutako planteamenduak aldarrikatu eta egikaritu behar dituela eskatzera joango da Behatokia Atenasera.
Horren harira EHE; Cymuned eta Babels erakundeekin batera antolatuko duen mintegian Europaren eraikuntza hizkuntzen arteko berdintasunean oinarritu behar duela plazaratu nahi dugu Atenasen.
Behatokiak horren inguruan egin nahi duen ekarpena Europan orain arte instituzioek hizkuntza-komunitateen inguruko bilakaera aurkeztea izango da, abiapuntu horretatik berdintasunean oinarritutako Europa berriak zer hartu behar duen kontuan definitzeko.
Europar Batasunak 25 Estatuk osatzen dute eta 21 hizkuntza besterik ez dira ofizial. Horrela, Europako berezko hizkuntzen bi herenak errealitatetik kanpo uzten ditu, eta ondorioz, hizkuntza komunitate horietako milioika herritarrak eskubidez gabetu egiten ditu legez.
Oso bitxia da Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean duintasuna, askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, herritartasuna eta justizia bezalako ardatzak daudela esatea, eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak legearen bidez urratzea. Nola uler daiteke hori?
Atenasen horren guztiaren berri eman nahi du Behatokiak, eta ondorioz, bestelako Europa batean hori guztia saihesteko neurrien beharra gizarteratuko dugu.
Horrekin batera, oinarrizko eskubideen edota hizkuntza zein kulturaren inguruko mintegietan parte hartzeko asmoa du Behatokiak, horietan guztietan hizkuntza gutxiagotuen aferak alde batean utzi ez dezaten, eta lehen mailakoa eztabaidagai izan dadin.
Izan ere, ez dago bestelako Europa batez hitz egiterik, berezko hizkuntza guztien arteko berdintasuna bermatzen ez bada, horrela ez bada orain arte indarrean egon diren politika murriztaileen eta diskriminatzaileen jarraitzaileak besterik ez baikara izango.
Oso interesgarria izango da hori guztia Grezia bezalako estatu batean gizarteratzea. Gogoratu behar dugu Greziak oso jarrera diskriminatzailea duela hizkuntza komunitate gutxiagotuen aurka. Hor daude gutxiengo turkiarra, mazedoniarra, aroumana, arbanita edo albaniera... haien existentzia ere ez du aitortzen. Greziak Europako Kontseilua Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen Europako Ituna sinatu ere ez du egin. Horrek erakusten du zer jarrera.
EHE
Bertan adierazi nahi duena da aurretik aipatu den moduan, eraiki nahi den Europa berri horrek aintzat hartu behar duela hizkuntzen auzia, egiten den edozein proposamenek hizkuntza-komunitate bakoitzari eragiten dio eta egiten den proposamenaren arabera, eragin hori kaltegarria izan daitekeela.
Gaur egun arte, estatu gehienek, bai eta egun Europar Batasuneko instituzioek ere, joera arras baztertzailea agertu izan dute, eta gure hizkuntzetako asko hiltzeko zorian jarri izan dituzte. "Gutaz urtean behin besterik ez dira oroitzen ekitaldi ikusgarriren batean. Hala ere, gu ez gara museoan ondare gisa erakutsi behar dituzten altxorrak, geure hizkuntzak biziak dira eta geure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara".
Horrela, Estatuetan oinarritutako Europak Estatuetako hizkuntzak besterik ez ditu kontuan hartzen, eta, beraz, Europako berezko hizkuntzei existentzia aitortu ere ez digu egiten. Halaber, Estatuen esku uzten du estatu barneko hizkuntza-politika, gehienek lurraldeko berezko hizkuntza komunitateen aurkako eta hizkuntzen desagerrarazteko politikak darabiltzaten arren.
Eraikitzen ari diren Europar Batasunak ere hizkuntza komunitate gutxituak desagertzeko bidera daramatza. Herritarren oinarrizko eskubide diren hizkuntza eskubideak ez ditu bere egiten, hizkuntza komunitateetako lurralde naturalak zatitu egiten ditu, gure hizkuntzak zokoratu egiten ditu, hizkuntza eskubideak ez ditu oinarrizko eskubidetzat hartzen... Atzerritar bihurtu nahi gaitu gure lurraldean.
Euskaldunoi ere bete-betean eragiten digu zapalkuntza horrek. Euskaldunon hizkuntza-komunitatea espainiar eta frantziar estatuen barnean dago kokatua gaur egun. Bata zein bestea gure hizkuntza komunitatearen zapaltzaile izan direlarik urte luzeetan zehar. Estatu frantsesak adibidez, onartu ere ez du egiten, bere lur-eremuan frantsesa ez den beste hizkuntzarik badagoenik. Horrela, euskara ez da existitzen frantses estatuarentzat. Ondorioz, bere hizkuntza politika ezin ankerragoa da euskararekiko eta tokitan gelditzen dira euskaldunon hizkuntza eskubideak. Estatu espainiarrean hizkuntza gutxiagotuak existitzen direla onartzen bada ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen dira.
Azken finean, euskaldunon hizkuntza komunitatea, estatu espainiar zein frantziarraren legepean bizi da, lege horiek beraien hizkuntza propioa babestea dute helburu eta bost axola zaie beraien estatuan egon daitezkeen gainontzeko hizkuntzen egoera zein den. Egoera honen aurrean gure ustez, berebiziko garrantzia dauka euskaldunok izan nahi duguna erabakitzeko ahalmena eskuratzea. Gure hizkuntzak bere garapenerako, administrazio, lege eta politika propio eta egokiak behar dituelako. Horretarako ordea gaur egun Euskal Herriak bizi duen zapalkuntza eta gatazka egoera iraultzea ezinbestekoa da, hori lortzeko lan egitea tokatzen zaigularik euskaldunoi zein bertako eragileoi. Euskal Herriko gatazkaren konponbidean eragiteko 53 alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan jasotzen den moduan: "Euskal Herri osoan, herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan".
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
http://www.kontseilua.org