Bost gazte atxilotu dituzte beste mutil bi arma zuriz eraso dituztelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 28a, 22:49

Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu gaur goizaldean Getxon, lesio-delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazitakoaren arabera, zor ekonomiko batengatik liskarrean hasi ziren auzipetuak, eta gazteetako bi arma zuriz zauritu zituzten. Gertaera goizaldeko ordu batak aldera izan da. Ordu horretan, Gobelako metro geltokira joateko abisua jaso du polizia autonomikoak. Hainbat gazte borrokan zeuden eta haietako batzuek laguntza medikoa behar zuten, zaurituta zeudelako, polizia iturrien arabera. Ertzainak bertaratu direnean, bi gazterekin egin dute berba; batek odol-zauriak zituen aurpegian eta anbulantzia bat eskatu dute ospitalera eramateko. Bi gazte horiek esan omen dute arma zuriz eraso dituztela eta erasotzaileak inguruetan zeuden beste hiru gazte izan direla.

Herrizaingo Sailak zehaztu duenez, jarraian, ustezko hiru erasotzaileengana joan dira polizia agenteak, eta haietako batek esku batean arma zuriz egindako zauriak zituela ikusi dute. Gertatutakoari buruz galdetu diete ertzainek, eta, "bertsio kontraesankorren aurrean", bost gazteak atxilotu dituzte lesio-delitua egotzita, gertaeraren jatorria eta egileak jakiteko xedez. Hiru lagun (16, 19 eta 20 urtekoak) Santurtzin bizi dira, eta beste biak (16 urtekoak), Portugaleten.

Ikerketen emaitzen arabera, zor ekonomiko batengatik hasi dira liskarrean bost gazteak, eta bi arma zuriz zauritu dituzte. Erasoan labanak eta beste mota batzuetako arma zuriak erabili direla jakin ondoren, agenteek borroka izan den ingurua miatu dute. Areetako Kaia kalean sukaldeko labana bat aurkitu dute eta, geroago, Bola hondartzako aldapan, tximeleta-erako labana bat. Antza, borrokan erabili dituzte bi arma horiek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun