Errealitate honen baitan kokatu behar dugu langileen nazioarteko eguna ere bai. Beraz, langileak ere, beste sektore asko bezala, esplotatuak, eskubidez urratuak, erasotuak, diskriminatuak, dira gaur egungo gizarte kapitalista honetan. Urte osoan zehar egiten den lanarekin batera, maiatzaren 1a sindikatu, alderdi politiko eta gizarte eragile ezberdinak langileen eskubideez mintzo dira. Aurtengoan, eta azken urteotan oro har, langileen eskubide eta egoeraz hitz egiterakoan lan-istripuak, emakume, gazte eta etorkinen aurkako diskriminazioa nahiz aldi baterako kontratuak dira gai nagusiak, baita lanaldia ere.
Gazteak erdigunean
Segik maiatzaren 1aren harira, gazteak inperialismoak ezarritako herri zapalkuntza eta honekin batera kapitalismoak ezartzen duen klase-zapalkuntzak ezarritako errepresio mota guztien erdigunean bizi garen kolektiboa garela gogoratu nahi dugu, eta gazteria ezegonkortasunaren aurpegirik latzena garela gaineratu. Biolentzia patronalak sorturiko lan istripuak, behin behinekotasuna, azpi-kontratazioa eta ABLEak gazteon aurkako prekarietatea eta esplotazioa gauzatzeko mekanismo nagusiak direla uste dugu, eta inolako esplotaziorik gabeko Euskal Herri bat eraikitzeko deia egiten dugu, emakumeak, ama lurra, gazte eta langileak esplotatuko ez dituen jendarte aske bat hain zuzen ere.
Mobilizazioen haria hartuz, aipatzekoa da aurten Segik ez duela bateratze nazionalik burutuko, eta hortaz eskualde bakoitzean LAB sindikatuak deitutako mobilizazioekin bat egingo dugu. Uribe Kostako gazteoi dagokigunez, honako hauxe:
- Maiatzak 1, Deriotik-Zamudiora martxa, goizeko 11:30ean.
Gure eskubidea delako, langile borrokaz aske biziz... independentzia!
Itzubaltzeta / Erromoko Segi