Getxo udalerriko kostaldea defendatzera deitu dute

Dagoeneko jakingo duzuenez, Getxoko Udalak kostaldea zementatu nahi du Ereaga eta Portu Zaharra arteko bidea zabalduz eta dirutza xahutu nahi dute, 2,5 milioi euro, beharrezko ez den obra bat egiteko gainera. Getxo Bizia herri plataformak bultzatuta, Getxon Kostaldea Bizirik lan taldearen izenean jendeari banatzeko testu bat idatzi eta informazio panel batzuk prestatu ditugu. Anima zaitez eta etorri igande honetan, apirilak 30, eguerdiko 12etan, Algortako Portu Zaharrera (Galdaretxe haitzaren parean)! Argazkian, Galdaretxe izeneko haitza itsas goran. Egun hartan marea ez zen bizia izan. Kaiaren horma haraino helduko litzateke, izena duen haitz honen berezitasuna zapuztuz.

Ereaga hondartza eta Portu Zaharra arteko bidea zabaltzeko lanen proiektua, otsailaren 14an onartu zuen Getxoko Udalak. Proiektu honen arabera, eta Ereagako bidegorria Portu Zaharra bertaraino eraman zein oinezkoen espaloia tarte honetan zabaltzearren, kai berria eraikiz Ereagako kaia beste 4 bat metro itsas aldera zabalduko litzateke, marea arteko tartea (Singera eta harkaitz gune aberatsa) zementopean estaliz.

Herritarren parte hartzerik gabe, inguru gaineko eragineko azterketarik gabe eta oinezkoen joan etorriak hobetzeko alternatibak jendaurrean eztabaidatu gabe, kostaldeari kalte nabaria eragingo dion proiektua onartu berri du Udalak eta lanak kontratatzeko prozedura administratiboarekin hasi dira.

Getxoko Udalak jadanik historia izan beharko litzatekeen XX. mendeko baliabide naturalen neurririk gabeko ustiakuntza politikari jarraipena eman nahi dio XXI. mende hasiera honetan. Ibai ertzak eta kostaldea porlanez bete eta okupatzen jarraitu ordez, bada gelditzeko eta kostaldea eta ibai arroei kendutakoa nola itzultzen hasi hausnartzeko garaia.

Gainera, Getxoko hirigintza plangintzak berak ere ez du Ereagako moilaren zabaltzea aurreikusten, bere dokumentazio grafikoak moilaren oraingo zabalera bera jasotzen duelarik. Ereagako moilaren La Ola eta Portu Zaharra arteko zatia bere zabalera osoan oinezkoentzako ibilbide gisa jasotzen du HAPOk, eta azpiegitura lan berririk egin gabe bide gorria egokitzeko aukera aipatzen du.

- Ereagako singerak eta arrokak ez ikutu!

- Artxiba dezatela Ereaga eta Portu Zaharra arteko bidea zabaltzeko proiektua!

- Ez dezatela oinezko eta bizikletazaleen izenean kostaldea porlanez bete!

Getxon Kostaldea Bizirik


Gaiaren inguruko berriak:

Ereaga eta Portu Zaharra arteko singera eta harkaitz guneak errespeta daitezela eskatu du Getxo Biziak (2006 Mar 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun