Getxoko gaztetxean jarriak ditu ilusioak Algortako okupazio mugimenduak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko api. 30a, 20:38

Algortako Gazte Asanbladaren jatorri gisa, Gazte Kultura izeneko asanblada har daiteke. Hau 90eko hamarkadaren hasieran hasi zen, batez ere gazteentzako lokalak lortzeko lanetan. Herriaren atxikimendua lortu eta gero Udalera jo zuten, baina hauek "paso" egin zuten. Orduan, polizia nazionalaren eraikin zaharra okupatzea erabaki zuten. Arazoren bat zela medio, okupazioaren momentuan polizia agertu zitzaien. Animoak galdu eta Gazte Kultura desagertu zen. Handik aurrera, 1999ko udara arte, nahiko geldirik ibili zen kontu hau, nahiz eta tartean, gazte asanblada sortzeko saiakerak egon. Baina 1999ko uda horretan sortutako gazte asanbladan, indarrak batu ziren, baita lantaldeak sortu ere. Okupazioaren lantaldeak bultzatuta, lehenengo gaztetxea sortu zen: Sastraka (2000ko martxoaren 3an okupatu eta 2000ko uztailaren 13an desalojatu). Guztira, azken zazpi urteotan sei gaztetxe eraitsiak edo hustuak izan dira Algorta eta Getxon.

Getxoko Udalak gazteon indarra eta gaitasuna nabaritzen zuen bakoitzean, desalojoa zetorren. Baina ez bakarrik desalojoa, eraikinen eraisketa ere bai. Sastrakatik hasita, Kutxitril (2001 Urr 10 / 2002 Mar 15), Burdinola (2002 Mar 15 / 2002 Eka 13), Maidagan (2002 amaiera / 2003 Abe 01), Aixerrota (2004 Eka 31 / 2004 Uzt 01) eta Mentxakabarri (2005 Abe 05 / 2006 Mar 07) gaztetxeak deuseztu zituzten, azken eraikin horrek zutik jarraitzen baldin badu ere. Oraintxu Getxo aldean okupatu berri duten etxean jarriak dituzte esperantzak neska-mutilak.

Saiakera ugari

Begi bistakoa denez, ugariak izan dira Algorta eta Getxon gaztetxea sortzeko saiakerak (Goñi etxea, Gorrondatxe aldekoa...); eta horien beharra aldarrikatzeko zein desalojoak salatzeko mobilizazioak. Aixerrota behera bota zuten egunean (2004 Uzt 01) ere, manifestazioa egin eta jarraian, Urgull kalean zegoen antzineko Algortako Kultur Etxeko lokalak okupatu zituzten gauean gazteek. Hala ere, hurrengo egunean kaleratuak izan ziren eta San Nikolas plazan kanpaldia abiaraztea erabaki zuen orduan Algortako Okupazioaren Aldeko Mugimenduak. Hamahiru egun bertan eman ostean, uztailaren 13an bota zituzten plazatik neska-mutilak Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak.

Salaketa, epaiketa eta isunak

Eta saiakerak asko izan badira, are gehiago gazteen aurkako salaketa, epaiketa eta isunak. "Desordena publikoa eta polizia agente bati lesioak eragitea leporatuta", hiru lagun deituak zeuden deklaratzera, apirilaren 25ean, Getxoko Justizia Jauregian, baina azkenean atzeratu egin da kontua. Gazteek abenduaren 23ko gertakarien ondorioz deklaratu beharko dute. Egun horretan, gaztetxearen aurrean prentsaurrekoa egitekoak ziren tokiko popularrak eta udaletxean egitea erabaki zuten azkenean, orain bi hilabete hustutako Mentxakabarri gaztetxeko neska-mutilak bertatik irten eta metro gutxitara paratu zirelako. Arruek orduan salatutakoaren arabera, "prentsaurrekoa egitea oztopatzeaz gain, jazarri egin gintuzten okupek. Geroago, udaletxean kontzentratu ziren eta bertatik irtetea galarazi ziguten". Horrekin batera, Getxoko Udalak ere jarri zuen salaketa udaletxe aurrean bildutakoen aurka, "tirabiretan udaltzain bat zauritu zelako", Iñaki Zarraoa alkatearen hitzetan.

Urtarrilean ere beste bost gaztek deklaratu behar izan zuten Getxoko Instrukzioko 2. epaitegian. Mentxakabarri etxea okupatu eta bertan gaztetxea eratu izana leporatu zieten horiei. Hala ere, neska-mutilek ukatu egin zuten haien kontrako salaketa eta gehienek adierazi zuten behin baino ez zirela hurbildu gaztetxera, Algortan zehar iragarrita zegoen doako bideo emanaldi bat ikustera, iazko abenduaren 3an. Egun horretan, 40 bat pertsona inguratu ziren filma bat ikusteko. Amaieraren ostean batutakoen erdia edo identifikatu zuen poliziak.

Jabeak salatutako "etxebizitza usurpazio delituak" 6 hilabeteko isuna ekar diezaioke, askoz jota, bakoitzari. Eguneko isun handiena 12,02 eurokoa denez, guztira, 10.818 euro izan litezke bostentzako zigorra. Defentsak orduan adierazitakoaren arabera, "baliteke epaiketa uztaila baino lehen ez izatea". Era berean, sumarioan beste 13 pertsona agertzen dira, baina adin gabekoak direnez litekeena da laster Bilbon deklaratu behar izatea, Bizkaiko Adin Gabekoen Fiskaltzaren aurrean.

Azkenik, Mentxakabarri gaztetxea hustu zutenean, martxoaren 7an, teilatuan kateatuta egon zen gazteari, desobedientzia larria eta erresistentzia leporatzen diote.

Gaiaren inguruko berriak:

Algortan barrena dabil Gaztetxe Martxa (2006 Api 30)

Ertzaintzaren presentzia etengabekoa izan ari da Urdulizen eta atzerapenak ere ekarri ditu (2006 Api 30)

Sopela eta Urdulizko okupazio mugimendua: batasunak egiten du indarra (2006 Api 30)

Mahai gainean dute bazkaria ibiltariek (2006 Api 30)

Euskal presoak etxeratzeko aldarrikapena bide egiten ari zaio eskualdean Gaztetxe Martxari (2006 Api 30)

Uribe Kostara heldu da Gaztetxe Martxa (2006 Api 30)

Atzerapenarekin dator Gaztetxe Martxa (2006 Api 30)

Gaztetxeen "kalbarioa" gogora ekarriko dute bihar Algortan (2006 Api 29)

Gaztetxe Martxan zehar sinadurak bilduko ditu Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenak (2006 Api 29)

Gaztetxe Martxaren zuzeneko jarraipena egingo dute eskualdean Koska irratiak eta UKBERRIk (2006 Api 29)

Gaztetxe Martxa heltzear dago (2006 Api 28)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun