Beste urte batez, Algortakoak emango dio hasiera EAEn egiten diren jazzaldi sortari –ondoren izango dira Gasteizkoa (uztailaren 8tik 15era) eta Donostikoa (uztailaren 21etik 26ra)–, "betiko ezaugarriei eutsiz gainera", Iñaki Saitua jaialdiko arduradunak gaur adierazitakoaren arabera. Europar izaera mantentzeaz gain, aurten ere banda gazteek tokia izango dute Getxoko Jazzaldian, talde lehiaketaren bitartez. Saituak zehaztu duenez, 23 herrialdetatik etorritako 73 talde aurketu dira txapelketara eta, horietatik, lau aukeratu dituzte: Magnus Mehl Quintet (Alemania), Exit 418 (Errusia), Jazz Kamikaze (Danimarka) eta Martin Auer Quintet (Alemania), uztailaren 1etik 4ra bitartean jotzeko. Irabazlea, berriz, Lockwood-Cobham String Quartet-en hasierako taldea izango da, azken egunean. Horretaz gain, 3.000 euro, garaikurra eta diska egiteko aukera emango diote txapeldunari.
"Aurreko urteetako irabazle askok jazz talde onenekin jotzen dabiltza gaur egun, 2000an txapeldun izan zen Magnus Lingren Quartet kasu", aipatu du Saituak. Gainera, Getxoko Jazzaldiaren 30. urteurrena aitzaki, dagoeneko Algortan izan den musikariren bat izango da joko duten talde guztietan.