Bi pabiloitako kanpoko hormak egurrezkoak izango dira, eguraldiaren eraginei aurre egin ahal izateko behar bezala egokituak. Argiak zoruan eta eraikinaren egituran jarriko dituzte. Ondoren, traineruak eta belaontziak atera ahal izateko pantalanak ere eraikiko dituzte.
Bela eskola
Bela eskolarako pabiloiaren azalera 945 metro koadrokoa izango da eta horietatik 429 metro koadro barrukoak eta itxiak izango dira. Zabalik geratuko den aldea belaontziak mastekin gordetzeko izango da, horrela "kanpoko lagunez babestuta geratuko dira eta ez dituzte zertan beti kendu behar izango", Kirol zinegotziak adierazi duenez. Barruko banaketa jarduera didaktikoaren araberakoa izango da honako toki hauek hartuz: idazkaritza eta harrera tokia, 40 metro koadrotako bi gela, zuzendaritza bulegoa, biltzeko aretoa, aldagela batzuk, tailerra, uretan ikasleen atzetik joan ahal izateko ontzi pneumatikoak gordetzeko tokia, biltegia eta jantziak arin lehortzeko gela.
Eskolaren kudeaketari dagokionez, lehiaketa publikoa deitzea da asmoa, "horretan aditua den enpresa batek ondoren gestiona dezan"; "Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzarmenak egiteko aukera ere badago, haurrak prezio merkeagotan eskolara joan daitezen...”, Aranagak azaldu duenez.
Arraunketa pabiloia
Arraunketa pabiloiak 938 metro koadro izango ditu eta, bertan, harrera gunea, administraziorako aldea, masajeak ematekoa eta botika kutxa, aldagelak, eta 209 metro koadroko gimnasioa izango dira. Gimnasioan 135 metro koadroko urez betetako zuloa egongo da, gutxienez 6 arraunlarik barruan entrenamendua egin dezaten. Gainera, tailer-biltoki bat eta traineruetarako hangarra ere izango dira.