Presoen senideentzako diru-laguntzen aurkako sententzia bat badagoela dio Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 4a, 00:25

Ez da lehenengo aldia, Getxoko PPk, euskal preso politikoen senideei espètxeetara bisitan joateko ematen zaizkien diru-laguntzak bertan behera uzteko eskatzen duena. Oraingoan, horiek "terrorismoaren biktimentzako iraina" direla adierazteaz gain, kexa horri "oinarria" ematen dion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako sententzia badagoela ziurtatu du Marisa Arrue (argazkian) tokiko popularren bozeramaileak; 188/05 zenbakia omen duena. Horri helduz, "legez kontrakotzat" jo ditu Getxoko Udalak "ETAko presoen familiarrei" ematen dizkien laguntzak eta "getxoztarren euro bat bera ere terroristen ingurukoen eskuetan ez amaitzea" exijitu dio Iñaki Zarraoa alkateari. Getxoko PPk emandako datuen arabera, 24.000 euro jasoko dute aurten preso politikoen familiarrek. Sos horiek "Oinarrizko Errenta diruz laguntzeko" bideratzea eskatu du Arruek.

"Aipatu beharra dago laguntza horiek urtea igarota ematen dituela Udalak, hau da, familiarrek dirua gastatu eta hurrengo urtean. Hori dela eta, 2005eko daturik ez daukagu", azaldu du Getxoko PPko bozeramaileak. Arruek emandako datuen arabera, 2001eko gastuetarako 10.000 euro baino gehiago jaso zuten presoen senideek; 2002an, berriz, 15.000 eurotik gora eta 2003an 19.000 euro pasatxo. "2004eko diru-kopurua, ordea, murritzagoa da nabarmen (2.430 euro), 2005ean dekretua kaleratu zuelako Udalak laguntzak eskatzeko baldintza berriak ezarriz; gastuak egiaztatzeko fakturak aurkeztu behar izatea tartean. Hala ere, dekretua gora behera, diru-laguntza horien aurka gaude eta horiek bertan behera gera daitezen borrokan jarraituko dugu", esan du zinegotzi popularrak. Getxoko PPk aipatzen duen sententzia, berriz, joan den urteko martxokoa litzateke: "2003ko diru-laguntza deialdiaren kontra egiten zuen, horiek zuzenbidearen aurkakoak zirelako". Gaurko prentsaurrekoan "ETAko presoen senideei" emandako diru-laguntzez jardun da behin eta berriro Arrue. Hala ere, Udalak plaratzen duen deialdia ez da euskal preso politikoentzat bakarrik.

Gaiaren inguruko berriak:

Bizkaitik kanpo dauden presoen senideen bisitetarako laguntzak arautu ditu Getxoko Udalak (2005 Ots 17)

Presoen senideentzako dirulaguntzen aurkako errekurtsoa atzera bota dute (2004 Aza 10)

Getxoko presoen senitartekoei laguntzak bertan behera utzi ditu epaileak (2004 Api 02)

Presoen senideei dirulaguntzak epaitegira eramango ditu Espainiako Abokatutzak (2004 Mar 08)

Presoen senideen dirulaguntzen berri emango du Estatuko Abokatutzan Getxoko PPk (2004 Ots 23)

ETAri laguntzea egotzi die Zarraoa eta IU-EBri Getxoko PSE-EEk (2004 Ots 23)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun