Bergara-Gasteiz-Lizarra tren zaharraren ibilbidearen nondik-norakoak, argazki zahar nahiz berrien bidez euskaraz azalduko ditu datorren asteartean Iñaki Varona historiagileak Astrabuduko Josu Murueta kultur etxeko areto nagusian. Hitzordua iluntzeko 20:00etan izango da
Berbots Erandion Euskaraz taldearen eskutik. Varonak berak azaltzen duenez, "emanaldian zehar tren honen historia zein istorioak ezagutzera ematen ditut. Aipatzekoak dira adibidez: hainbat lantegiren sorrera, langile italiarren esku hartzea, gerra zibileko kontuak, estraperlo eta 'recadistak', mendizale taldeak, azokak... oro har zonaldez zonalde tren txikiak zein garrantzia izan duen gure gizartean ikuspuntu askotatik: migrazioak erraztu eta pertsonen arteko harremanak hurbildu zein herrialdeak lotu eta mundu zabaleko zenbait ideia eta esperientzia gurera ekarri". Argazkian, Lizarrako tren geltokia jendez gainezka 1927ko irailaren 23an, geltokia ireki zen egunean, alegia.