Lurralde guztietako ordezkariek izan dute beren esperientzia aurkezteko parada. Arabari dagokionez, Aguraingo herriko institutuan, proiektua gazteei hurbiltzeko asmoz egindako lana aipatu dute. Gipuzkoan, berriz, Soraluzeko kideek antolatu berri duten Normalkuntza Eguna aurkeztu dute. Horren helburua, eragileek euskara eguneroko lanetan nola erabiltzen duten azaltzea da.
Nafarroako eta Iparraldeko kideek, aldiz, zozketa desberdinak izan dituzte hizpide: Bortzirietako zozketa nafarrek eta Azkaingo zozketa iparraldekoek. Azken horiek gainera, gazteentzako marrazketa lehiaketa ere antolatu dute. Azkenik, Bizkaia aldetik, Lea-Artibaiko eragileei banatu dieten sektorekako hiztegia aurkeztu dute.
Bigarren zatia
Mintegiaren bigarren zatian, Bai Euskarari Akordioa Herrietan egitasmoa aztertu dute kide guztien artean. Izan ere, Kontseiluko Zuzendaritzak erabaki zuen iazko abenduan, herrietan garatuko den dinamika zehatzaren plangintza euskalgintzako kideak kontuan harturik egingo zela. Kontseiluko bazkideek eta herrietako euskalgintzako kideek elkarrekin definituko dute aurrerantzean jarraitu beharreko bidea. Prozesua errazteko asmoarekin txostena banatu zaie partehartzaileei. Era berean, Kontseiluaren antolakuntza eredua ere landuko dute. "Antolakuntza guztion artean hobetu dezakegu", adierazi dute antolatzaileek.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua