Ertzain batek neska gazte bat kolpatu zuen larunbatean Areetako batzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 8a, 19:38

Ertzain batek neska bat kolpatu zuen iragan den larunbatean Areetako batzokian (argazkian), Itzubaltzetako Gazte Asanbladako kide batek UKBERRI.NETi jakinarazi dionaren arabera. Aipatu informazio-iturriak emandako datuei jarraituz, maiatzaren 6ko goizean gaupasaz zebiltzaten hiru gazte sartu ziren Areetako batzokiko patiora, antza, bere ateak ireki arte itxaroteko, bertan gozaltzeko asmoz. Handik gutxira, uniformez jantzitzako 6 ertzain eta kalez-jantzitako 3 polizia autonomiko bertaratu ziren, gazteak "lekua hondatzen ari zirela" auzokideren batek egindako balizko salaketaren harira. Batzokiko patioan dena normal bazegoen ere, poliziek dokumentazioa eskatu zieten gazteei eta, horrezkero, eztabaida bizian hasi ziren. Horrelako batean, kalez jantzitako ertzain batek ukabilez kolpatu zuen aurpegian neska.

Eraso horren ostean, areagotu egin ziren eztabaidak, bai gazteen eta ertzainen artean, baita erasotzailea eta beste ertzainen artean ere. Gazteen identitateak ertzain-etxearekin konfirmatzen zituzten bitartean, EAEko poliziek batzokiko patioa miatu zuten eta hatxix harri bat topatu zuten. Orduan "lasai-lasai" gelditu omen ziren poliziak, IGAko kidearen arabera. Informazio-iturriak ezin izan du argitu gazteek edo ertzainek prozedura judizialik abiatu dutenik, baina zehaztu ahal izan duenez, gazteek ukatu dute hatxitxa haiena izatea: "EGIko baten batena izango zen, hor batzokian botata".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun