Astearte honetatik aurrera, bederatzi hilabetez itxiko dute kotxeentzat Obieta kalea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 8a, 23:17

Erandioko Merkataritza Suspertzeko Plan Berezian aurreikusitako ekintzen barruan, Obieta kaleko (argazkian) espaloiak zabalago egiteko lanei ekingo diete bihar, maiatzak 9. Gauzak horrela, ibilgailuentzat egongo da itxita, Geltokia eta Txinboa kaleen arteko zatian. "Obrek eragingo dituzten eragozpenak kontuan izanda, egoera ulertu eta ahalik eta laguntza gehien emateko" eskatu zien herritarrei Asier San Nicolas Hirigintza zinegotziak, joan den astean emandako prentsaurrekoan. Hain zuzen ere, zirkulazioan sor daitezkeen arazoak "arindu" nahian, noranzko bietan joan ahal izango dira ibilgailuak, Antonio Trueba, Gernika eta Txinboak kaleetan, azken hori Obietarekin lotuz. "Izan ere, Altzaga, Arriaga, Goikoa, ... Itsasadarreko errepidera joateko bide nagusia da", San Nicolasek adierazi zuenez. "Zortzi edo bederatzi hilabete artean" amaituko dituzte lanak.

Horretaz gain, obrak iraun bitartean, autobus geralekuak ere tokiz aldatuko dituzte: Obieta eta Txinboak artekoa Gernika kalean egongo da; Arriaga auzotik etorrita, Obieta eta Txinboa artean gelditzen ziren autobusak, berriz, metro batzuk aurrerago hartu beharko dira, hau da, menditik hurbilagi; eta, azkenik, metro geltoki ondoko geralekua Legazpi kalera aldatu dute, Santi Brouard plaza alboan. Aparkatzeko tokiei dagokienez, Behargintza eta euskaltegi (Desanexion, 4) parean egongo da kotxea uzteko aukera.

Lehenengo fasea

Bihar abiatuko dena, Obieta kalea egokitzeko lanen lehenengo fasea baino ez da Asier San Nicolas Hirigintza zinegotziak zehaztutakoaren arabera: "lan hauek bukatutakoan, Txinboak-Txorierri eta Altzaga-Goikoa errepidearen arteko zatiari ekingo diogu", aipatu zuen. Momentuz, 3.730 metro koadro azalerako eremua (Obietako 230 metro luze) hartuko dute obrek. Besteak beste, norabide bakarrekoa egingo dute kalea –Itsasadarreko errepidera bidean– eta albo batean baino ezin izango da aparkatu. Espaloiek, berriz, 3,10 metroko zabalera izango dute (gaur egun, 1,50 metro). Azkenik, inguru horretako saneamendu, euri-ur eta gainontzeko zerbitzuetako (argindarra, telefonia, kale-argiak...) sareak ordezkatu edota berriztatuko dituzte. Baita kale-altzariak eta seinaleak ere. Guztira, 1.253.315,06 eurotako aurrekontua du lehenengo faseak eta zortzi hilabetekoa da bukatzeko epea, obretarako baimena emandakoan hasita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun