Kokalekua dela-eta, “eraikinak itsasoa ikusteko moduan diseinatu beharko dira”, gaineratu dutenez. Etxebizitzak lau etxe-multzotan egongo dira banatuta, lorategi pribatua duen beheko solairua, beste estai bi eta terrazadun atikotan antolatuta. Sotoan aparkalekuak eta trastelekuak egongo dira eta lur-zati itxiak izango dira, denontzako hornidurekin.
Itxarote-zerrenda
Etxebizitzak bi motatakoak izango dira: 46 salmenta askekoak eta beste 56 babes-araubidearen pean egongo dira, tasatutako prezioan, Eusko Jaurlaritzak BOEetarako ezarritako irizpideen eta merkatuko prezioen arteko erdibidean. Horiek emateko irizpideak Udalak ezarriko ditu; hain zuzen ere, bera arduratuko da zozketa egiteaz. Gaur egun, Lemoizen 300 lagun daude itxarote-zerrendan, etxeak eskuratu ahal izateko baldintzen oinarria zehaztu arte.