Bidegabekeriari aurre eginez, Matrako Jaia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 9a, 20:46

Matrako Jaia antolatzeko ideia, Joseba Sanchez “Matrako” gure laguna 2004ko azaroaren 19an hil ostean, bere familiak banku batekin zuen bidegabeko zorrari aurre egiteko beharrez sortu zen. Nahiz eta minbiziaren menpe egon, Matrako sei hilabetez ibili zen Osakidetzako egoitza batetik bestera, birus gastriko bat zeukalakoan. Azkenean, Osakidetzak minbizia zuela egiaztatu zuenerako, erremediorik ez zuela esan zioten. Horren ondorioz, bere familiak klinika pribatu batetara jo behar izan zuen, bere bizitza aurrera atera nahian. Familiak Osakidetzaren kontra hainbat salaketa eta epaiketa jarri ondoren, horiek galdu izan zituen eta administrazioak“… egin ez zuen eta oso garesti zen horretaz ez da erantzule egiten”, zioen sententziak. Orduan zertarako dugu osakidetzako administrazio publikoa? Ezer ez egiteko? Gure behar izanak alde batera uzteko? Horretarako ordaintzen dugu?

Lan eskerga eginda...

Gaur eguneko errealitatea ondorengoa da: senitartekoak zein inguruko jendeak izugarrizko zorpean daudela. Hau dela eta, bere garaian Plentzia, Gorliz eta Armintzako bere lagunek Gabonetan zein herriko jaietan kredituari aurre egiteko txosnak jarri zituzten… pasa den martxoaren 5ean bigarren Matrako Mendi Martxa egin zen, Gorlizko Astondotik, Matrako lur muturretik, Armintzaraino, non hainbat lagun bildu ginen indaba jan baten bitartez Matrakoren urtebetetzea ospatzeko.

Orain eta ahalmenak ditugun bitartean hainbat ekitaldi prestatzeko gogoa daukagu, hau dena lortzen dugun laguntzaren araberakoa izango delarik.

...eta oraindik gehiago egiteko

Oraingoan aurrera atera nahi dugun ekitaldia ondorengo hau da; Maiatzaren 20an Matrako Jaia antolatzen ari gara, Errekaldeko Kukutza gaztetxean, non Matrakoren hainbat lagunek, ezagunek eta senitartekok parte hartuko dugun. Antolakuntza guztia musu-truk izango da, bere garaian Matrakok hainbat kolektibori eman zion laguntza bezala, talde antimilitaristak, ekologistak, gazte asanbladak, AEK….

Bidegabeko egoera bati aurre egiteko, Matrako Jaia hainbat ekitaldi bilduko dituen jai bat bihurtzea nahi dugu.

Ekitaldia bera, antzerkiz, bideo emanaldiz, kontzertuz eta DJ’s osatuta egongo da dugu. Hortik aparte zozketa eta bono laguntza salmenta egongo dira familiari ahal bezain beste dirurekin lagundu ahal izateko.

Azkenik, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiogu, Errekaldeko Kukutza gaztetxeari, parte hartzeko prest dauden artista eta talde ezberdinei, teknikariei eta Matrako Jai hau aurrera eramateko antolakuntzan lan egiteko prest dauden Joseba “Matrako”-ren lagun guztiei.

Gora Matrako! Aurrera beti!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun