Ertzainei euskaraz egiteagatik isuna jarri diote gazte bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 11a, 14:48

Olatz Berrojalbiziri hirurogei euroko isuna jarri diote ertzainen aurrean gaztelaniaz identifikatzeari uko egin ziolako. Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak epaia kritikatu du eta euskaldunoi euskaraz hitz egitea eskatzea garesti ateratzen zaigula adierazi du. Bestalde, lekuko gisa deklaratu behar zuen Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kide batek ezin izan du euskaraz deklaratu Gernika-Lumoko epaitegian. Abokatuak itzultzailea aurrez eskatu behar zuela azaldu zuen epaileak. Gertakari horiek guztiak salatzeko, manifestazioa egingo da bihar Gernikan, 19:30ean, udaletxeko plazatik abiatuta.

Gernikako lagun bati sei hilabeteko espetxe zigorra jarri dio epaile batek. Istripu batean lekuko gisa hasi zuen prozesua epaiketa batean akusatu bezala amaitu du. "Zergatik? Euskaraz deklaratzeko duen eskubidea aldarrikatzeagatik", EHEk salatu duenez. Lehen aldia da epaile batek espetxe zigorra jartzen duena gisa honetako aldarrikapenak egiteagatik. Lehen faltatzat jotzen zutena orain delitu bilakatu dute eta prozedura penaletik epaitu. "Kasu honen larritasuna hor datza, izan ere honek aurrekaria marka dezake, markatu du jada, izan ere, beste 12 lagun epaiketaren zain daude eta fiskalak espetxe zigorra eskatzen du hauentzat ere", azaldu dute euskararen ofizialtasunaren aldeko erakundeko kideek. Gaineratu dutenez, "ezin dugu hizkuntza zapalkuntza gehiagorik onartu. Kalean erantzutea garrantzitsua da, beti da garrantzitsua. Kasu hau salatzeko manifestazioa egingo da ostiralean Gernikan, arratsaldeko zazpi t'erdietan udaletxeko plazatik abiatuta". Azkenik, "lanean gogor" jarraitu eta "zapalkuntzarik salatu gabe ez uzteko" eskatu du EHEk.

Gaiaren inguruko berriak:

Ertzainei euskaraz egiteagatik isuna jarri diote Olatz Berrojalbizi (Berria, 2006 Mai 11)

Euskaraz deklaratzeko eskubidearen aldarrikapenari espetxe zigorrarekin erantzun dio Bilboko auzitegiak (2006 Mai 08)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun