Getxoko jaietan izango du bukaera aurtengo Gobela eta Kandelu Oinez ibilalditxoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 12a, 23:09

Potere ekonomikoek eta instituzioek darabilten neurririk gabeko urbanizatze politikak (HAPO, LPP) eragin ukaezinak ditu Getxon eta Uribe Kostan. Erreka eta ibai arroak itxuraldatuak, desbideratuak edota guztiz estaliak izaten ari dira. Gure ibaiak pausuz pausu ezagutu eta hobeto defendatzeko, Getxo Bizia herri plataformak Gobela ibaia eta Kandelu errekaren egoera bertatik bertara aztertzeko martxa antolatu du aurten ere bai. Maiatzaren 14an, domekan, Areetako Xake plazatik irtengo gara 9:30ean. Mimenaga inguruan eta, hain zuzen ere, Villaverde baserriaren parean bigarren deialdia egin dugu 11:30ean goizetik abiatu ezin dezatenentzat. Kandelu errekan gora eginez iturbururaino helduko gara eta handik Getxoko probalekuraino helduko gara eguerdiko ordubatetan. Egun hauetan Getxoko jaiak direnez, bertan jai giroaz gozatzeko aukera izango dugu.

Goiz osoan zehar ibaian gora ibiliko gara, Gobela eta Kandelu ibai arroen defentsaren aldetik interesgarriak diren guneetan geldituz. Erromon bertan eraikin berriak egiteko ibaia errespetatua izan dadin Ibaigane kaleko auzokideak eramaten ari diren borroka eta ibaiaren egoera legal zehazgabea, duela 35 urte estali ziren zatiak berriz agerian uzteko irekitzen ari diren aukerak, Fadura kiroldegiko instalazioek ibaiari eta padurei ekarri dizkieten kalteak, Zubilletan 70eko hamarkadan Gobela ibaiaren arroaren gainean etxeak eraiki izana, Errotatxu eta bere ingurua babestu beharra, Uribe-Kostako korredorearen 3. zatiaren lanek Kandelu errekari eragin dizkioten kalte izugarriak eta Getxon eta Berangon hirigintza plangintzen ondorioz Kandelu errekak bizi duen begien bistatik desagertzeko mehatxu larria aztergai izango ditugu.

Kandelu urtetik urtera egoera txarragoan ari gara aurkitzen. Iaz autobidearen lanek porlanezko kutxa erraldoietan sarrarazi zuten Kandeluren arroa eta aurten Berangoko Gorrondo inguruan burutzen ari diren urbanizatze lanak direla eta, hondeamakinak izugarri gerturatu zaizkio Kandeluri bere ezkerraldeko zelaiak deseginez.

Getxo Bizia herri plataforma
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun