Udan burutuko den “Bilbao Basket” III. Campusa aurkeztu du Getxo Saskibaloi Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 15a, 19:53

Getxo Saskibaloi Taldeak udarako antolatu duen “Bilbao Basket” III. Campusean aurreko bi edizioetan baino eskaintza erakargarriagoa izango da, txanda eta egun gehiago izango direla. Gainera, aurten Getxoko taldeak Bilbao Basketekin zein Bizkaiko Saskibaloi Federazioarekin batera antolatu du hirugarren campusa, Getxoko Udalaren laguntza ere izan duela. Prisco Fernandez Getxo Saskibaloi Taldeko presidenteak 6 eta 16 urte arteko eskola umeak animatu ditu ekimen honetara biltzeko. Iaz 80tik gora haur eta gaztetxo batu zituen eta aurtengoan gainditu egin nahi da kopuru hori. Campusa Andra Mari herri ikastetxean eta udal kiroldegian egingo da lau txandatan: ekainaren 26tik uztailaren 1era, aurrenekoa; uztailaren 3tik 8ra bigarrena; uztailaren 10etik 15era hirugarrena; eta uztailaren 17tik 22ra, laugarren eta azkena. Argazkia: Helene Desplechin.

Bilbao Basket campusaren helburuak dira, besteak beste, Getxo eta Uribe Kostako eskola umeen artean saskibaloia jokatzera bultzatu, komunikazio hizkuntza nagusia euskara dela, eta eskualdeko saskibaloiko jokalari eta entrenatzaileen lehiakortasun maila hobetzea. Horrez gainera, “eskola umeei beste gizaseme batzuekin eta beste arrazetako pertsonekin, berdintasunean, elkarrekin bizitzeko aukera eman nahi zaie” , antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Emakume taldeak

Ildo horretan, Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen, eta Guzman Aranaga Kultura eta Kiroletako zinegotziaren arabera, “nabarmendu egin behar da saskibaloiaren alde eta emakumezkoek ere horretara joka dezaten Getxoko taldeak egiten duen lan handia”.

Aipatzekoa da ere Lagun Aro Bilbao Basket taldearen egungo entrenatzailea, Txus Vidorreta, izango dela campusaren kirol zuzendaria, eta, batez ere, egoera hori baliatuko du ekitaldira bildutako entrenatzaileei bere eskarmentuaren berri emateko. Bestalde, campusa egiten den bitartean, antolatzaileek larunbatero amaierako jai handia ospatuko dute, familia guztientzako ekitaldiekin, eta bertan ACBko jokalari onenetako batzuk izango dira.

Izena emateko argibideak

Ekitaldiaren salneurria 135 eurokoa da asteko, eta 20 gehiago campusak eskainiko duen autobus zerbitzua erabiliz gero. Aurreko ekitaldietan parte hartu duten edo Getxo Kirolen edo Getxo Saskibaloi Taldeko bazkide diren haurrek, aurten kalitate handiagoa izango duen ohiko kirol materiala ez ezik, Getxo Saskibaloi Taldeko beroketa-saioetako elastiko ofiziala jasoko dute.

Argibide gehiago eskatzeko edo izen-ematea egiteko: www.getxosaski.com; www.bizkaiabasket.com; www.bilbaobasket.biz. Telefonoak: 944 395 722 (astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:00etara), edo 610 326 470.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun