Algortan martxoko azken ostiralean egin zen presoen aldeko kontzentrazioaren aurkako espedientea ireki du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 16a, 19:51

Neguriko Ertzaintzak espediente bat ireki du aurtengo martxoaren 31n Algortako Telletxe plazan burutu zen euskal presoen aldeko kontzentrazioaren (argazkian) aurka. Gaur, Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak jakinarazi duenez, Javier Balza EAEko Herrizaingo sailburuak iragan den maiatzaren 9an jakinarazi zuen gertaera hori Carlos Urquijori eman zion idatzizko parlamentuko erantzunean. Idazkian aipatzen duenez, irekitako espedientea "Hiritarren Segurtasunerako Legea jakinarazpenik gabeko kontzentrazioa / manifestazioa burutzean" urratu delakoan ireki dute. Era berean, Balzak onartzen du Ertzaintzak kontzentrazioaren segimendua egin zuela eta "Polizi-txostenean jaso denez" aipatu kontzentrazioa "inolako gertaerarik gabe" bukatu zela. Bestalde, aurreko egunean "GALek erail zuen Xabier Galdeano kazetariari" martxoaren 30ean egin zen omenaldiari buruz, "ekitaldi hori burutu dela" esateko modurik ez duela zehaztu du Balzak.

Parlamentuko erantzunean Javier Balzak ez du argitzen Ertzaintzak kontzentrazioan parte hartu zuen 140 bat pertsonetatik baten baten identitatea eskuratu duen, ezta norbaiten kontrako isunik jartzeko asmoa duen.

Gaiaren inguruko berriak:

Javier Balzaren idatzizko parlamentuko erantzuna (pdf) (2006 Mai 09)

Carlos Urquijok idatzizko parlamentuko galdera (pdf) (2006 Mar 29)

Algortako azken ostirala eta Galdeanori egindako omenaldia oztopatzen saiatu zen PP (2006 Api 05)

Dozenaka lagun atera da kalera eskualdean presoen eskubideen alde (2006 Mar 31)

Xabier galdeanori egingo diote omenaldia bihar Algortan (2006 Mar 29)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun