Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kexei dagokienez, Bilbaok 2005 urtean jaso dituzten kexen zioa zein izan den azaldu du eta lurralde horietako erakunde autonomoen eskuduntza diren bi eremuren azpimarra egin nahi izan du: Osasungintza eta herrizaingoa. "Urteko txosteneko ondorioetan ohiko beltzuneak urterik urte are ilunagoak dira", horren aurrean Behatokiak azaldu du neurri eraginkorrak hartzeko garaia dela. "Ezin egon gaitezke urteak joan eta urteak etorri egoeraren argazki bertsua azaltzen", gaineratu du zuzendariak.
Horretaz gain, 2005 urtean euskara erabili nahi izateagatik alboko kalte-ondorioak pairatu dituzten herritarren kasuak azaldu dizkio Behatokiko ordezkariak arartekoari: "Zoritxarrez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu, eta askotan jasotzen dugun zerbitzua ez da gaztelaniaz eskatzen dutenena bezain egokia", ohartarazi du. Hizkuntzarengatiko bereizkeria egon badagoela frogatzen duten kasuak helarazi dizkio Behatokiko zuzendariak. Bestalde, justiziaren eremuarekin lotutako espediente batekin egindako jarraipen lana ere azaldu dio Behatokiko zuzendariak Iñigo Lamarcari, herritarrek izaten duten “babesgabezia” agerian jartzeko.
Bilbaok bi erakundeen arteko osagarritasuna ere hizpide izan du. Aurrera begira, elkarlanari ekin behar zaiola uste du Behatokiak. "Eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek ezinbestekoa dute osagarri bihurtzea eskubideen bermea erreala izan dadin", erantsi du Paul Bilbaok arartekoaren aurrean. Horren harira Behatokiak jasotzen dituen kexen berri maizago emango diola jakinarazi dio Lamarcari, "konponbidea harik eta arinen aurkitu ahal izateko".
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
http://www.kontseilua.org