Areetako Santa Ana plaza urbanizatzeko
proiektuaren (pdf formatuan) lanak agindu zituen
Getxoko Udalak joan den astean 641.338 eurotan eta 2007ko otsailerako amaitzea aurreikusita dago. “Oso egoera txarrean dagoen zorua konpontzeaz gain, lan horiekin, herritarren gozamenerako tokia irabaziko da plazan: espaloiak apur bat txikituko dira, trafikoa astiroago joatea eragingo da oinezkoentzako pasabideak espaloien parean ipiniz eta Maximo Agirre kaleko autobusaren geltokia plazara aldatuko dute”, udal arduradunen hitzetan. Proiektua ikusgai izan zen bitartean bildutako iradokizun batzuk ere kontuan hartuko dituzte, horien artean, iturri bat jartzea, plazako erdiko gunerako Bilbao motako lauzatxoa ez erabiltzea (Xake plazan dagoenaren antzekoa ipiniko da) eta ahal den neurrian berdegunea zabaltzea, beste iradokizun batzuek jolasteko tokiei lehentasuna ematea eskatzen baitzuten. Azkenean, adinen araberako bi gune izango dira eta beste toki bat patinatzeko.