Ehun artisau baino gahiago izango da Getxoko Eskulangintza Azokan hileko azken asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 17a, 20:12

Maiatzaren 26tik 28ra 113 artisauk parte hartuko dute Getxoko XXIII. Eskulangintza Azokan, "Euskal Herriko handiena", Getxoko Kultur Etxearen arabera. Ohi bezala, Areetako Xake plazako 2.500 metro koadroko karpapean erakutsiko dituzte 99 artisauek beren lanak. Gainera, Ibaiondo kalean kokatutako gastronomia gunean beste 14 artisau izango dira. Azokan hainbat espezialitate erakutsiko dira: egurra, beira, larrua, metala, harria, papera, bitxigintza, galdaragintza, eta abar. Guztira, 30 izango dira Areetan ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Aurten, Euskal Herri osotik etorritako eskulangileez gain, Irlandatik, Portugaletik, Italiatik, Frantziatik, Argentinatik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Asturiasetik, Leondik, Gaztelatik, Aragoitik, Andaluziatik eta beste hainbat tokitatik etorritako eskulangileak ere ikusi ahal izango dira.

Halaber, atal berri bat izango da aurtengo azokan. Karparen aurrean erakustaldiak egiteko gune bat kokatuko da. Goizez eta arratsaldez, eskarmentu handiko lau eskulangilek arituko dira bertan: Juan Unzueta (otzaragintza), Alfredo Latorre (forjaketa artistikoa) eta Jose Pablo eta Enrike Arriaga (tradiziozko egur-moldaketa). Gune honetan, bisitariek artisau-lanak zuzenean ikusi ahal izango dituzte.

Getxoko Kultur Etxearen arduradunen arabera, “horren guztiaren bidez azoka ikustera doazenek bilatzen ari direna lor dezakete azokan eta, gainera, eskulanek duten berme eta erakargarritasunarekin. Kalitate handiko produktuak lortu ahal izango dituzte azokara doazenek, bai eskuz eginda daudelako, baita egiteko erabili dituzten materialak kalitate handikoak direlako ere. Produktu hauek bakarrak dira, ez dituzte bi produktu berdin inon aurkituko”.

Lehiaketak

Ohi bezala, bi lehiaketa izango dira Azokan: stand eta diseinu lehiaketak. Produktuen kalitatea eta postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina saritzen dute hauek, hain zuzen ere. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten den zozketa egingo du aurten ere Getxoko Kultur Etxeak eta zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.

Azokaren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era. Sarrerak 2,50 euroko prezioa du, jubilatuek 2 euro baino ez dutela ordainduko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun