Sarean da "Telefonoa euskaraz" kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 18a, 10:38

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak telefonoa nola euskaratu azaltzen duen aurkezpena zabaldu berri du interneten zehar. Izan ere, "herritar ugari izan dira, telefono konpainien argibide falta medio, Behatokira jo dutenak telefonoa nola euskaratu galdetuz", azaldu dute Kontseiluko ordezkariek. Azalpena ahalik eta jende gehiagori heltzeko asmoz, internet bezalako tresnak erabiltzea erabaki dute ordezkariek. Hil honetan abian jarri den 'Telefonoa Euskaraz!' kanpaina teknologia berrietan oinarritu da batez ere. Oraingo aurkezpena, Internet bidez hedatutako bigarrena da hain zuzen ere. "Internetek erabiltzaileari erantzuteko aukera ematen dio, proiektuaren parte izateko aukera, alegia", azpimarratu dute. Horrela, aurkezpena jasotzen duen oro bere telefono konpainiarekin harremanetan jar daiteke klik bakarra eginez. Gainera, enpresaren baten jarrera salatzeko edo txalotzeko, www.euskararentelefonoa.com helbidean beste klik bat besterik ez dute egin behar. Argazkian, egitasmoaren aurkezpena.

Internetez gainera, Kontseiluak beste zenbait euskarri ere erabili ditu. Esate baterako, 5.000 txartel banatu ditu herritarren artean, telefonoa euskaraz jartzera animatuz. Alde batetik, Aek-ren euskaltegietan banatu dute txartela. Izan ere, sakelakoaren hizkuntza bezala euskara ezartzea, euskara ikasteko ariketa aproposa izan daiteke; baita erantzungailua euskaraz grabatzea ere. Bestalde, Kontseiluaren ordezkariek euskararen inguruko jaiez baliatu dira banaketa egiteko orduan. Hala nola, Iruñean izango dira larunbat honetan, bertan ospatuko den Eskola Publikoaren Jaian hain zuzen.

Horretaz gain, sakelakoa ere, mezua hedatzeko tresna bezala erabili dutela aipatu dute Kontseiluko ordezkariek: "Tlf euskz, gztion knpromisoa! Psazaz mzua!" bezalako sms-ak bidali dituzte hilabete osoan zehar. "Ezagunen artean hedatu beharreko sms hau prestatu dugu idazkera laburtuan gure artean euskaraz ere komunikatzea posible dela jakinarazteko", adierazi dute. Era berean, lagunen artean birbidaltzeko eskaera egin dute.

Erabilitako azken euskarria ikus-entzunezkoa izan da: zenbait kasutan telefonoa euskaratzea zein zaila den erakusten duen umorezko bideoa zabaldu dute internet bidez.

Kanpainaren eraginkortasunari buruz, "herritar asko ari dira telefonoa euskaratzeko ahalegina egiten, baina konpainiak dira, oraingoz behintzat, erantzunik eman ez dutenak", azaldu dute.

Euskara telefono konpainietan

Konpromisoa hedatu baino lehen Kontseiluak telefoniaren munduak euskara erabiltzeko ematen dituen aukerak aztertu ditu. Ondorioa: "euskararen egoera telefoniaren munduan oso kezkagarria da, ia ez baitu inongo presentziarik".

Kontseiluko ordezkariek azaldu dutenaren arabera, telefono-zerbitzuetako ezein enpresak ez du berezko hizkuntza gisa euskara ezartzen. Euskal Herrian lan egiten duten Estatu espainiarreko nahiz frantseseko telefono-zerbitzuetako enpresa garrantzitsuenak aztertu ostean hala nola, Telefónica, Movistar, Amena, Vodafone, Wanadoo, France Telecom, Orange edo Ono-, euskararen kaltetan gaztelera nahiz frantsesa gailentzen dutela esan daiteke. Euskaltel enpresa euskaldunak berak ere ez ditu zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzen. Esate baterako, estaldurarik ez dugula adierazteko Euskaltelen mezua, gainerako enpresena bezala, gazteleraz soilik dago eskuragarri.

Horrezaz gainera, enpresa hauen webguneei dagokienean, Euskaltelekoan izan ezik, euskara ez dela aipatu ere egiten salatu dute Kontseiluko ordezkariak. Deigarria da gainera Telefónicaren kasua: www.telefonicaonline.com gunean katalana eskaintzen du baina euskara ez. Operadoreek eskaintzen duten zerbitzuari ere erreparatu dio Kontseiluak azterketa hau egitean eta berriro ere, "Euskaltel izan ezik, beste guztiek ez digute euskara erabili nahi dugun galdetu". Hala ere, Euskaltelen bertan, enpresaren erantzungailuari zerbitzua euskaraz eskatu arren, eta operadore euskaldun batengana pasatuko zaituztela agindu ostean, ez da ezohikoa operadoreak euskara ez dakiela adieraztea.

Telefono zerbitzua eskaintzen duten enpresez gain, sakelakoak egiten dituzten etxeak ere kontuan hartu ditu Kontseiluak azterketa honetan. Aztertutako enpresetatik (Nokia, Motorola, Sony/Ericsson, Siemens eta Alcatel), Alcatelek bakarrik eskaintzen du sakelakoa euskaraz jartzeko aukera. Hala ere, ez du Euskal Herrian saltzen dituen sakelako guztietan aukera hau eskaintzen azterketaren arabera. Siemens-en jarrera aipagarria eta kezkagarria da euskararentzat Kontseiluko ordezkarien arabera, "izan ere, bere webgunean katalana sakelakora deskargatzeko aukera eskaintzen duen arren, ez da gauza bera gertatzen euskararekin".

Kontseilua aipatutako telefono zerbitzu enpresekin eta sakelakoak egiten dituzten etxeekin gutun bidez harremanetan jarri da eta zerbitzua euskaraz emateko eskatu die. Dena den, inolako enpresak erantzun ez duenez, Kontseiluak berriz ere telefonoa euskaraz jartzeko eskatu die enpresei. Era berean, herritarrek telefonoa euskaratzeko eman beharreko urratsak azaldu dituzte:

- Lehenik eta behin, erantzungailua erabiltzen duenak, hori euskaraz jartzea.
- Sakelakotik bidaltzen diren mezuak euskaraz idaztea.
- Operadoreei euskaraz hitz egiteko eskatzea.
- Webgunearen bidez e-mailen bat bidaliz gero, euskaraz idaztea edo iradokizun bezala, webgunea euskaraz jartzeko eskatzea.
- Sakelakoaren hizkuntza bezala euskara ezartzea. Hori Alcatel etxeko sakelakoa dutenek bakarrik egin dezakete; beraz, beste erabiltzaile guztiak beren etxearekin harremanetan jarri eta eskatu beharko lukete.
- Estaldura, hau da, kobertura mezua euskaraz jartzea. Inolako telefono enpresak ez du aukera hori eskaintzen; beraz, herritarrei eskatu die beren telefono enpresarekin harremanetan jarri eta zerbitzu hori euskaraz eskaintzeko eskatzea.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun