“Zapore goxoa” utzi zuen Itzubaltzetako II. Gazte Egunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 17a, 20:42

Maiatzak 13ko goizaldea, goizegi piztu genuen Itzubalteta-Erromoko gazteok eta 8etarako hitzordua jarria genuen Gazte Eguna '06ren lehenengo pintzeladak herrian ematen hasteko. Lokartu aurpegiekin batu ginen 12 bat gazte eta gogotsu hasi ginen kamioi zuriaren barrunbeetan panelak, aldamio-gorputzak, banderak, mahaiak, aulkiak... sartzen. Egunari emandako garrantzia eta asteak atzera egindako lanak eragiten duen presio natural horrek lehenengo urduritasun arrastoak antzeman zituen, baita gure arteko ahots altuak ere. Taldeetan banatu ginen, batzuk metalezko gorputzei forma ematera bertan panelak itsasteko asmoarekin; beste batzuk, azokaren gunea herri-saltzaileek merezitako alfonbra gorriaren gainean mahaiak eta aulkiak antolatzera eta gelditzen zirenak berriz, gaztetxoen txokoa txukuntzera, bertan umeentzako bi puzgailu, euren koxkorrezko sormena eraikitzen hasteko margoak eta magiaz beteriko erakustaldiek izango zituen oinpeko zuri-beltza lurrean ondo jarriz. Argazkian, Gabai, Gazte Enbatako ikurra.

Ordua helduta, hainbestetan margotu ditugun laranjazko panelak herrian zehar ikusi zitezkeen eta hauetan tatuaturiko Gabai, Ibaiondo kalearen zaindari bihurtu genuen.

12ak aldera kalearen bi ertzetan soilik jendea eta jendea ikus zitekeen: skate erakustaldi akrobatikoa eta Udalak eurenganako duen jarreraren salaketa, umeak super-heroien koloreak aurpegietan marraztu egun bateko komikietako pertsonaia bihurtuz, gaztetxoentzako ehunka koloreko pinturak eta orri txuriak lokartuta duten imajinazioa berpiztuz, Arabiako kultura gurea eginez mila kurbetako dantza exotikoaren erakustaldi paregabea, barre-algarak eta lotsa ume zein helduen barrunbeetatik aterarazi zuten bi pailazo, gazte sorkuntzaren ispilua non herriko eta kanpoko pertsona anonimoen lan onak ikus zitezkeen eta guzti hau gutxi balitz, giroa alaitzen eta egunean parte hartzera gonbitea luzatzen zuen zuzeneko irratsaio propioa izan genuen.

herri bazkari autogestionatua

15:30ean, puntualtasunari muzin eginez, 100 bat gaztek bazkaria hasi zuten eta hauekin batera goizean zehar lokarturik egondako eguzkiak lanean hasi ere. Bapo bazkaldu eta edan ostean, bertsoei ekiteko aukera izan zen, baina gurean ez ginen bakarrik bertsozale izan, baita bertsolari bihurtu ere eta taldeka, errimak eta doinuak emanda, sekulako bertsoak atera ziren gure eztarri hasi berrietatik. Ondoren hainbat koadrilako gazteok, inkomunikazioak eragindako harremanak bultzatuz, bospaseiko taldeak egin genituen jinkanaren probei ekiteko, herriko hainbat gazte-taberna proba bakoitzeko helmuga bihurtuz. Itzubaltzeta-Erromoko bizilagunek argazki kafkianoak kontenplatu zituzten eta baten bat aipatzearren, amantala jantzita eta hanka guztiak soka berberarekin elkarloturik jogurta jaten ahalegintzen ziren gazteak, pertsonekin eraikitako gurdia bere abereekin errepide erditik trafikoa moztuz...

Azkenik, egun luzeari amaiera emango zion parajera helduta, gaztetxera hain zuzen ere, gure aurpegi gorrituek (ez zen soilik eguzki izpien ondorio izan), kontzertuak noiz hasi zain. 20:00ak aldera hasi ziren hiru taldeen emankizuna, hasteko Narkolepsia talde gaztea, ondoren Izenik Ez herriko talde beteranoa eta bukatzeko Ene Bada gorputzeko gihar guztiak nahitaez mugiarazten duen taldea. Gaztetxean herriko eta kanpoko ehunka gazte elkartu ginen, inoiz bere graffitiz beteriko hormek sentitu duten jendarte handiena, inoiz bere hautsezko lurrak ikusitako gazte multzo altuena eta guzti hauek Gazte Enbata konpartsaren filosofia babestuz eta berea eginez. Sekulako giro ona egon zen bai gaztetxearen barruan, bai honen kanpoan ere eta hori instituzio madarikatuei mina eragiten dietenez, beren borreroak bidali zituzten. Musika altuegia, kanpoan zarata asko, bizilagunen kexak... Arazorik ez, gauak jai giroan bukatu nahi zuen eta horrela izan zen ere.

Hau izan zen egunak emandako guztia. Hain goiz hasitako egun honek, goiz oheratu egin zen eta gauzak ondo egin osteko zapore goxo horrekin begiak itxi zituen. Mila esker filma luze hau posible egiten lagundu gaituen mundu guztiari eta bereziki Itzubaltzeta / Erromoko gazteriari, berriro ere autogestionatutako aisialdi alternatiboaren alde agertu delako. Datorren urtera arte!

Gazte Egunie… Zoragarrie!

Gazte Enbata konpartsa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun