Leioako neska-mutilek bihar dute udako aisialdi jardueretan izan-emateko azken eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko mai. 18a, 12:08

Aurreko urteetako esperientziari helduz, "Uda 2006" kanpaina abiarazi du Leioako Udalak. Uztailaren 3tik 28ra bitartean, jarduera ugari (igeriketa, eskalada, txirrindularitza, arrantza, pilota, piraguan ibili, hipika, abentura anitzeko jarduerak...) izango dira partaideen adinaren araberako taldeetan antolatuta: Hala ere, horiek guztiek ezaugarri berbera izango dute: jarduerok aisialdi, hezkuntza eta kirol alorretakoak direla. Sakonetako kirol instalazioetan, udalerriko beste leku batzuetan zein inguruko udalerrietan burutuko dira. Maiatzaren 19ra arte eman ahal izango da izena, 9:00etatik 21:00etara bitartean, Sakonetan. Tokiak mugatuak dira, 40o; hortaz, zozketa bidez egingo da banaketa. Argibide gehiago nahi izatekotan, 944 008 059 telefono zenbakira dei daiteke. Argazkian, piraguistak Plentzian.

Lekuak zozketa bidez emango dira, maiatzaren 23an, 11:00etan, Sakoneta kiroldegiko jokalekuan, udal iturriek jakinarazi dutenez. Hain zuzen ere, hilaren 20, 21 eta 22an jarriko dute jendaurrean izen-emandakoek zerrenda. Beste alde batetik, maiatzaren 22a ezarri da erreklamazioak aurkezteko. Berrikuntza moduan, aurten neba-arrebek izena elkarrekin emateko aukera izango dute: horrela, batek lekua lortzen badu, neba-arreba guztiek izango dute lekua. Kasu horretan, neba-arreba guztiek zenbaki bakarra izango dute zozketan. Era berean, izena banaka emateko aukera ere badago. Horrela, familiako neba-arreba bakoitzak bere zenbakia izango du zozketan, eta guztiek, batzuek edo bakar batek eskura lezake lekua. Nolanahi ere, aukera bat ala bestea hautatu eta aukeratutako sistema zehaztu beharko da izena emateko orrian.

Baldintzak

"Uda 2006" programan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

- 1993 eta 1999 artean (biak barne) jaio diren umeak, baldin eta Leioan erroldatuta badaude.
- Leku kopurua: 400
- Hizkuntza eredua: euskara ala gaztelania (hautazkoa).
- Kanpainaren iraupena: 2006ko uztailaren 3tik 28ra, astelehenetik ostiralera.
- Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara.
- Prezioa: 65 euro Leioako UKIetan abonatuta daudenentzat, eta 100 euro abonatuta ez daudenentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun