Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren eskutik, maiatzaren 3an eman zitzaion hasiera Euskaraz Olgetan egitasmoko bigarren edizioari. Gauzak horrela, urrira bitartean (abuztua kenduta), astean behin izango dira haur, gazte eta batzuetan familia osoari zuzendutako ekintza eta tailerrak, udalerri bakoitzean, hots, Lemoiz (astelehenetan, 17:30etik 19:30era), Urduliz (asteazkenetan, 17:30etik 19:30era), Plentzia (ostegunetan, 17:30etik 19:30era), Sopela (ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara), Barrika (larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara) eta Gorlizen (12:00etatik 14etara). "Horren bidez, aukera eman nahi diegu familiei euskarazko aisialdia eskain diezaieten euren umeei, leku erakargarri batean", adierazi dute Mankomunitateko iturriek. Argazkian, Urdulizen iaz jarri zituzten haurrentzako puzgarriak.